Martxoan zehar izan zen Errigoraren udaberriko produktuak eskatzeko aukera. Eskariak handitu egin dira, % 25 Euskal Herri mailan, iazko kanpainarekin konparatuta. Zehazki, 8.200 pertsonek egin dute eskaria, eta 109.000 litro olio, 245.000 ontzi kontserba eta 30.000 pakete arroz eta pasta saldu dira.

Hainbat produktu agortu egin dira, eta “ase ezin den eskari horri esker”, ekoizpena handituko dutela iragarri dute. Horretarako, eredu iraunkorren aldeko apustua egingo dutela adierazi dute Errigorakoek, “agroekologiaren printzipioekin bat eginez eta nekazari eta transformatzaileen arteko akordio berriak sustatuz, alde bientzako bidezko baldintzetan”.

Getarian ere emaitza onak izan ditu kanpainak: 31 eskari egin dira, 290 litro olio, 264 ontzi kontserba eta 72 pakete arroz eta pasta.

Atzerapena banaketan

Eskaria handitu izanak produktuen banaketa aldatzea eragin du, eta ondorioz, atzeratu egingo da. Apirilaren amaierarako aurreikusten bazen ere, getariarrek maiatzaren 6an jaso ahal izango dituzte eskariak Eskualtxeta kulturgunean.