Azken egunetan koronabirus kasuek gora egin dute Getarian. Osakidetzak gaur eguerdian argitaratutako txostenaren arabera, joan den ostiralaz geroztik, zazpi COVID-19 kutsatu atzeman dituzte herrian. Hala, azken hamalau egunetan 13 kasu berri zenbatu dituzte. Ondorioz, intzidentzia-tasak gora egin du eta, gaur-gaurkoz, 400eko langa gainditu du; hain justu, 459,36an kokatu da.

400 kasuko intzidentzia gainditu arren, Getaria ez dute perimetralki itxiko. Izan ere, 5.000 biztanletik beherako udalerrietan beste irizpide batzuk ere kontutan hartzen dira; besteak beste, udalerri horren oinarrizko osasun-eremuaren egoera. Getaria Donostialdeko eremuan dago, eta bertan, 267,75ekoa da intzidentzia metatua. Horregatik, momentuz, ez da itxiko.

EAEn 6.063 proba eta 529 positibo

Euskal Autonomia Erkidegoan, atzo eta herenegun 6.000 probatik gora egin zituzten, 6.063 eta 6.514 test, hurrenez hurren. Bi egunetan positiboen ehunekoa % 8,7 izan da –larunbatean % 7,5ekoa izan zen–. Kasuek gora egitearen ondorioz, Araban itxialdi perimetrala ezarriko dute bihartik aurrera. Izan ere, intzidentzia metatua 407,62koa da. Gipuzkoan ere 400eko mugatik oso gertu gaude, 374,07an, hain zuzen. 295,90eko intzidentzia-tasarekin, EAEko hiru lurralde historikoetatik Bizkaia dago egoera onenean.

Bestalde, erietxeetako egoerak okerrera egin du. Atzo, koronabirusak jota 364 pertsona zeuden gela arruntetan, herenegun baino 26 lagun gehiago. ZIUetan ere herenegun baino zortzi pertsona gehiago daude, zehazki, 105 gaixo.