Azken hilabeteetako ziurgabetasun egoeraren aurrean, Urola Kostako Udal Elkarteko Garapen Agentziak ostalaritza sektorea babesteko hainbat ekimen egin ditu. Besteak beste, eskualdeko bost udalen eta udalerrietako merkatari eta ostalarien elkarteen artean hainbat ekimen eta lan-mahai jarri ditu martxan. Elkarlan horren baitan, jakien eta edarien etxerako-zerbitzua, edota establezimenduan bertan jaso eta eramateko zerbitzua eskaintzen duten eskualdeko ostalaritza establezimenduen zerrenda osatzen eta eguneratzen dihardu Udal Elkarteak. Helburua da herritarrei herriz herriko eskaintzaren berri ematea eta bertako kontsumoa bultzatzea.

Geroz eta gehiago dira telefonoz edo internetez eskatu eta eramateko zerbitzua eskaintzen duten eskualdeko ostalaritza establezimenduak. Gaur gaurkoz, guztira, eskualdeko 67 establezimenduk eskaintzen dute zerbitzu hori: Getarian bederatzi daude, Aian bi, Orion hiru, Zarautzen 29 eta Zumaian 24.