Getariako Udalak Katrapona plazako kantina eta komun desmuntagarriak erabili eta ustiatzeko esleipen prozesua zabaldu du. Azken udatan bezala, langabetuek (Lanbiden izena emandakoek) eta, gutxienez, azken urtean herrian erroldatuta dauden lehiatzaileek izango dute lehentasuna. Bestalde, lehengo urtean egin zen modura, eskaintza bi pertsonek batera aurkeztu beharko dute.

Datorren maitzaren 5ean, 13:00etan, egingo da esleipena erabakitzeko zozketa. Kantina eta komun desmuntagarriak, berriz, ekainaren 1etik aurrera zabaldu ahal izango dira, gehienez, urriaren 31ra arte. Iaz bezala, denboraldiko lizitazio prezioa 6.000 eurokoa da; erdia esleipenetik 30 eguneko epera ordaindu beharko da eta gainerakoa urriaren 15a baino lehen. Horrez gain, 300 euroko behin-behineko bermea eskatuko zaio esleituari.

Zerbitzuaren zabaltze ordutegia ordubete murriztu da: lehengo urtean 10:00etatik 24:00etara zen, aurten, 10:00etatik 23:00etara. Klausulan bertan zehazten denez, 24:00etarako dena jasota egon beharko da.

Proposamenen aurkezpena

Kantina ustiatzeko interesa dutenek apirilaren 26ra arte izango dute proposamenak aurkezteko epea. Udaletxean egin beharko dute, 09:00etatik 13:00etara. Esleipenaren baldintzak eta aurkeztu beharreko dokumentuak Getariako Udalaren webgunean jarri dituzte eskuragarri.

Proposamenerako agiriak bi gutunazaletan aurkeztu beharko dituzte. Lehenengoan honakoak sartu beharko dira, Katrapona plazako kantinaren kontratua. Kontratatzeko gaitasuna eta kaudimena izenburuarekin:

  • Lizitatzailearen nortasun agiriaren kopia.
  • Erantzukizunpeko berariazko aitorpena.
  • Behin-behineko bermearen frogagiria.
  • Hizkuntza- baldintzak betetzen direla ziurtatzeko agiriak edo euskera azterketa egin nahi duela jasotzen duen adierazpena.
  • Lanbideko lan eskatzaile bezala inskribatuta dagoela agertzen duen agiria, bertan Getarian egoilarra dela jasoko da.
  • Lehiaketako jakinarazpenak jasotzeko helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa.

Beste gutunazalean, Eskaintza ekonomikoa izenburukoa, Udalak zehaztutako ereduaren araberako proposamena aurkeztu beharko da.

 

Argazkia: Katrapuna Kantina