Denboraldia amaitu berri, aurtengoa sasoi oso emankorra izan da Irati idiakezentzat. Finlandiako Munduko Kopa irabazi ostean, joan den astean, apirilaren 1ean eta 2an, Italiako Munduko Kopan parte hartu eta bigarren postua lortu zuen. Lorpen ugari egin ditu Idiakezek, eta Getariako Udalak denboraldi honetako lana azpimarratu du.

“Udalaren partetik, denboraldi guztiagatik, aitortza bat egin nahi genuen”, azaldu du Ekaitz Esteban Kirol zinegotziak gaur eguerdian egindako ekitaldian. Ateak itxita egin da eta bertan izan dira udal ordezkariak, Idiakez bera eta lagun bat. Martxoaren 1ean, Finlandiako Munduko Kopa irabazi ostean, omenaldi berezia egin zion herriak Idiakezi; gaurkoa, aldiz, ekitaldi xumeagoa izan da. Estebanek “denboraldi borobila” egin duela nabarmendu du, eta “Paraolinpiar Jokoetara joateko ilusio hori betetzea” opa dio snowboarder getariarrari. Jarraian, lore-sorta bat eman dio.

 

Irati Idiakez udaleko hainbat zinegotzirekin.

Orain, atsedena

Hiru astetan, kirolari dagokionez, erabateko atsedena izango du Idiakezek. Deskantsuaren ostean, ordea, berriro helduko die entrenamenduei eta 2026ko Paraolinpiar Jokoei begira, prestatzen jarraituko du: “Maiatzaren aurrenengo astean daukagu lehenengo kontzentrazioa, Baqueiran. Gero, ekaina bukaeran Frantziara goaz, Alpeetara. Elurretan entrenatzen jarraitzea nahi dute, eta uztailan beste bi egunez ere joango gara”.