Haritz Alberdi alkateak Artzaperi azaldu dionez, horma-irudi bat egingo dute Berdura plazako horma guztietan zehar: “Lehen mundu bira gaitzat hartuta, azulejuz eta zeramikaz eginiko horma-irudia izango da”. Herri langileak eremuaren prestaketa lanetan dabiltza, eta momentuz, hormetan dauden azuleju zaharrak kentzen ari dira. Lanek pare bat hilabete iraungo dutela aurreikusten da, eta bitarte horretan “Berdura plaza irekita eduki nahiko genuke, baina orain, lanean ari direnez eta gauzak bertan dituztenez, itxita egongo da”, argitu du alkateak.

Bestalde, Alberdiren arabera, datorren astean herriko harresi zaharra irudikatuko den zatia ebakitzen hasiko dira. Izan ere, alde zaharrean zenefa ezartzeko lanen barruan, “herriaren memoria historikoa errekuperatzeko bidean, herriko harresi zaharraren trazatua pasatzen zen tokian zoladura aldatuko da”. Hala, garai bateko harresia nondik pasatzen zen irudikatu ahal izango dute herritarrek.