Joan den astelehenean banatu ziren Donostiako Victoria Eugenia antzokian Repsol Gidaren eguzkiak. Guztira, Espainia osoko 96 jatetxe saritu dituzte aurtengo edizioan, eta horien artean, nabarmenenetakoa, Getariako Elkano Jatetxea izan da, beste bi jatetxerekin batera, hiru Repsol Eguzki eskuratuz. “Ilusioz eta konpromisoarekin” hartu du Aitor Arregik, Elkano jatetxeko arduradunak, aitorpen hau: “Gure etxeari maila honetako izendapen bat emateak poz handia sorrarazten baitigu, baina berekin dakarren konpromisoa ere handia da”.

Astelehenean hiru Repsol Eguzki jaso eta gero, egun berezia izan zen atzokoa Aitorrentzat. Ez zuen inondik inora espero izendapenak izan zuen sona: “Olatu tartean bezala nabil bueltaka, egun guztia hara eta hona, dei bat alde batetik, dei bat bestetik… Egunerokotasunetik erabat kanpokoa da”. Hala ere, “belaontzi batek aurrera joateko behar duen haizea bezala” hartu dute aitortza, garai zail hauetarako “indarra, gogoa eta konpromisoa ematen digun elementu bat baita”.

Dena den, Elkano Jatetxean garbi dute izendapena orain arteko lanaren saria baino ez dela, eta bere horretan segi behar dutela: “Ilusio handia eman arren, kanpotik etxera datorren zerbait bezala” hartzen du Aitorrek izendapena. “Alde batetik guk aukeratzen ez dugun zerbait delako, eta bestetik, jendeak nola intepretatuko duen ez dakigulako” adierazi du.  Bestalde, nahiz eta kontziente diren honek jendartean espektatiba berriak sor ditzakeela, “guk garbi daukagu betikoa egiten jarraitu nahi dugula, eboluzio baten barruan, atzean gelditu gabe, betiko filosofiari eutsiz” azpimarratu nahi izan du.

Jatetxea, itxita oraindik

Sei hilabeteren ostean joan den asteburuan irekitzeko asmoa zuten Elkano Jatetxekoek, baina osasun egoeraren okerraldia kontuan izanik, itxita jarraitzea erabaki dute, Gipuzkoa nola dagoen ikusita “ez baitu zentzurik irekitzeak”. Edonola ere, astelehenean bertan sukaldariekin eta Repsoleko kideekin aspalditik buruan zuten bazkari bat egiteko ireki zuten ospakizun moduan, eta egoerak laguntzen duen heinean, irekitzeko prest daude.

Ostalaritzaren inguruan dauden zalantza guztien gainetik, aurreko udan “hemen inguruko jendea” ibili zela nabarmendu du. Aurten ere, hala izatea espero du, eta era berean, “gurera etortzea desira” du. Izan ere, Elkanokoentzat, “inguruko jendearekin lan egitea aproposa eta berezia da oso. Maite dugu hemengo jendearekin lan egitea”.

Argazkia: Repsol Gida