Gaur aurkeztu dute Getariako Udalak eta Sahatsaga kiroldegiak kirol instalazio berria: boulderra. Proposamen desberdinak aztertu ostean, Natural Progression enpresa azpeitiarra arduratu da boulderra egiteaz, eta 13.000 euroko kostua izan du. Kiroldegiko azken solairuan jarri dute, eta Ekaitz Esteban kirol zinegotziak azaldu duenez, “eremu hau aprobetxatzeko zer egin genezakeen pentsatzen, boulderra egitea bururatu zitzaigun. Honetan ibiltzen den jende dezente dago herrian, haiengana jo genuen eta esan ziguten leku egokia izan zitekeela”.

Boulderrak hiru ardatz nagusi dituela adierazi du Estebanek. Alde batetik, eskola: “Eskalada sartuz, eskolari eremu bat eskaini nahi genion psikomotrizitatea eta gorputz heziketa lantzeko. Eskolari asko gustatu zitzaion proposamena eta hurrengo ikasturtetik aurrera etortzen hasiko dira”, dio Estebanek. Bestetik, kiroldegia: “Datorren irailetik aurrera, kiroldegiak boulderreko ikastaroa eskainiko du”. Azkenik, erabiltzaileak: “Eremu hau eskalada interesatzen zaion edonork erabil dezake. Gainera, getariar asko ibiltzen da Kaminero inguruko itsaslabarrean edota Askizu azpian dagoen basoan eskalatzen, eta horiek, orain, entrenatzeko aterpe bat edukiko dute”.

Bestalde, proiektuko parte izan den aditu taldearen laguntza azpimarratu du Estebanek: “Aditu horiek edo eskalatzen ibiltzen den jendea boluntario gisa etorri da hau egiten laguntzera. Ate irekietan ere monitore modura ariko dira. Gure aldetik, eskertu nahi diegu emandako laguntza guztia.

Bihartik aurrera, probatzeko aukera

“Getarian koronabirus kasuek gora egin dute, baina momentuz, ate irekiekin aurrera segi nahi dugu”, azaldu du kirol zinegotziak. Hala ere, egungo testuingurura egokituta egingo direla argitu du. Larunbat honetan, 10:00etatik 11:00etara edo 11:00etatik 12:00etara, gurasoek eta helduek izango dute eremu berria probatzeko aukera. “Hasieran gurasoentzat zen, baina guraso ez diren batzuek ere etorri nahi dute eta orduan aukera zabaldu egin dugu”. Ondoren, datozen bi asteetan, haurren txanda izango da: apirilaren 20an, 22an, 24an, 27an eta 29an, eta maiatzaren 2an. Egunero bi txanda egingo dituzte, eta haurrak adinaren arabera egongo dira bereizita. Astegunetako saioak arratsaldetan izango dira: 17:00etatik 18:00etara (5-8 urte artekoak) eta 18:00etatik 19:00etara (9-12 urte artekoak). Asteburuetan, berriz, goizez egingo dira: 10:00etatik 11:00etara, (5-8 urte artekoak); eta 11:00etatik 12:00etara, (9-12 urte artekoak).

Ate irekietan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da izena ematea. Kiroldegian bertan, aurrez-aurre, edo telefonoz deituta egin daiteke, dohainik. Jose Inazio Atorrasagasti Getariako kiroldegiko arduradunak azaldu duenez, “jende dezente ari da deitzen, gehien bat umeak”. Estebanek gaineratu du harrituta geratu dela, “uste baino jende gehiago aritzen baita eskalatzen”.

Jendeak nola erantzuten duen ikusi nahi dute lehenik, baina aurrera begira, “boulderra handitzeko aukera” dagoela adierazi du zinegotziak. Boulderra erabiltzeko ordutegi bat egongo da. Erabiltzaileek txanda hartu beharko duten galdetuta, ziurrenik, horretarako beharrik ez dela izango adierazi du Estebanek. Hala ere, “jende asko etortzen bada eta txandak egin behar badira, egingo ditugu; jendeak erakutsiko digu zer egin”.

Prezioak

Boulderra erabiltzeko tarifak udalak eta kiroldegiak, elkarrekin, adostutakoak izan dira. Hala, kiroldegiko bazkide direnek doan erabili ahal izango dute. Bazkide ez direnek, ordea, ordaindu egin beharko dute: “Eguneko sarrerak bi euro balioko ditu; 12 urtetik beherakoentzat doakoa izango da, baina beti heldu batekin etorri beharko dira. Hileko kuota, berriz, 13 eurokoa izango da”. Bi kasuetan, boulderra ez ezik, kiroldegiko dutxak ere erabili ahal izango dira.