Egoerara egokitutako jaiak iragarri zituen eta ospakizunak heldu aurretik egokitu zaio San Prudentzioko Lagunak taldeari neurriak hartzea. Hala, azken egunetan koronabirusak izandako garapenak Getaria nahiz inguruko herriak eremu gorrira eraman dituela ikusita, erabaki du Ekoizle Txiki eta Jasangarrien Sanpruentzako I. Azoka atzeratzea. Hortaz, ez da igande honetan izango, hemendik aste batzuetara baizik.

Taldekideek azaldu dutenez, parte hartzekoak ziren ekoizleek “ilusioz” jaso zuten hasierako gonbidapena, eta haiekin adostuta hartu dute orain erabaki hau. Gerora jarraipena izango duen egitasmo baten hasiera izan daiteke azoka, eta “zerbait egitekotan ondo hasita” egin nahiko lukete auzoko bizilagunek. Postuak ez ezik, haiei lotuta zeuden proiektuen aurkezpenak ere atzeratu egingo dira.

Bertso saioa mantenduko dute

Igandeko programazioa atzeratu egin da baina larunbatekoak bere horretan darrai. Hortaz, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariek XimaurFest bertso saioan, buruz buru, abestuko dute 18:00etatik aurrera. Beharrezko neurriak hartuko direla ziurtatu dute SPLko kideek, edukiera %50era murriztuta egongo da, besteak beste.

Hala izanik ere, oraindik badago bertso saiorako lekua, eta herritarrak bertaratzera animatu dituzte. Horretarako, beharrezkoa da aurrez izena ematea Harritarte dendan.

 

Lotutako albisteak: