Antxoa Eusko Label ziurtagiriarekin salduko da aurrerantzean. Hala jakinarazi dute gaur goizean Getariako Kofradian egin duten aurkezpenean. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak nabarmendu duenez, “Euskadiko arrantza sektoreari tresna berri bat ematen zaio bere produktuak ahalik eta baliorik egokienarekin iritsi daitezen merkatura”. Horrez gain, merkatuan garatzeko aukera gehiago eta tresna berriak izatea nahi dute.

Eusko Labeldun gainerako produktuek bezala, iragarri dute antxoak ere “araudi tekniko zorrotz batean ezarritakoa” bete beharko duela. Martxoaren 1etik azaroaren 30era arrantzatutakoa bakarrik hartuko da kontuan, eta “oso freskotasuna onaren sailkapena” izan beharko du. Horrez gain, “kanpoko itxura, azala edo sendotasuna” baloratuko dituzte.

Oraingoz, antxoa freskoarentzat erabiliko dute etiketa baina, gerora, baliteke kontserbetan edo eraldatutako produktuetan ere jartzea.

HAZIk ezarriko ditu antxoak baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko kontrol sistemak. Horretarako, prozesuaren katea, ekoizpena, kontserbazioa, biltegiratzea, garraioa, ontziraketa, manipulazioa eta merkaturatzea aztertuko ditu.

Kanpainaren datuak

Tapiak ez ezik, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeak, Peli Manterola HAZIko zuzendariak eta arrantza sektoreko hainbat ordezkarik, tartean Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidenteak, hartu dute parte gaurko aurkezpenean. Antxoa kanpainaren datuak emateko aprobetxatu dute.

Hala, martxoaren amaieran hasita, 10,5 milioi kilo harrapatu dituzte euskal arrantzaleek, eta horietatik, hiru milioi kilo inguru deskargatu dituzte Euskadiko portuetan. “Kanpaina modu jasangarrian kudeatzeko”, arrantzaleek geldialdiak egin dituzte, pasa den astean azkena.

Azaroaren 30era arte edo 26 milioi kiloko kuota bete arte arrantzatu ahal izango dute antxoa.