Indauxeko langileok hitzarmenaren alde borrokan, horixe irakur daiteke Getaria eta Zumaia artean, Gaztetape hondartzako bidegurutzean dagoen kartelean. Enekoitz Saizar ELA sindikatuko kideetako batek ARTZAPEri azaldu dionez, Indauxeko langileak lan hitzarmen berria ari dira negoziatzen: “Azaroan hasi ginen negoziaketekin, eta orain, trabatuta gaude”. Adostasun falta horren aurrean, mobilizazioekin hastea erabaki dute eta datozen egunetan, kontzentrazioak egin eta euren eskaerak hedabideetan zabalduko dituzte. Enpresako langileak ordezkatzen dituzten bi sindikatuak –ELA eta LAB– lanean bat eginda ari dira.

Negoziaketetan, puntu desberdinetan sortu dira desadostasunak, baina langileriak aldarrikapen nagusi bat egiten du: “Espezialista edo peoi kategoria duten baina ofizial baten lanak eta ardurak dituen lankideak daude. Orduan, kategoria aldaketa egitea eskatzen dugu”. Alegia, peoi kategoriako langile horiek ofizial kategoriara pasatzea nahi dute.

Bigarren eskaera aparteko orduen pilaketarekin amaitzea da. “Gipuzkoako metaleko hitzarmeneko jardunaldia daukagu, baina urtero, orduak pilatzen joaten gara. Ondoren, lan karga handia eduki dugulako, ordu horiek ezin izan ditugu disfrutatu”, dio Saizarrek. Azken eskaera, KPIari lotutako soldata igoera izatea da: “Hasiera batean KPIa gehi %2a eskatzen genuen. Azkenengo negoziazio bileratan, ordea, kategoria aldaketaren eta pilatutako ordu gehigarrien inguruan egindako proposamena onartzen badute, soldata igoera KPIaren igoeraren berdina izatea onartuko dugula adierazi diegu”.

Erdibidea bilatzeko lanetan

“Hitzarmenaren berritzea bi urterako bakarrik izatea proposatu diegu”, adierazi du Saizarrek. Enpresak, ordea, lau urteko hitzarmen bat proposatzen die. “Soldatak lau urtetan izoztu, edota hiru urtetan izoztu eta laugarrengoan KPIaren igoeraren arabera eguneratzea plateatzen dute”, azaldu du. Bestalde, enpresa ez dago kategoria aldaketarekin ados, baina aparteko orduen pilaketaren inguruan adostasun batera gerturatu daitezkeela uste dute sindikatuek. Gainera, enpresak peoi arrunta izeneko kategoria berri bat sortzea proposatu omen die. “Indauxen sartzeko Lanbide Heziketako ikasketak eskatzen dituzte, baina kualifikatu gabeko jendeari sarrera eman nahi diote soldata txikiago batekin: 500-600 euro gutxiagoko soldata izango lukete”. Azken proposamen horri dagokionez “itxita gaude”, aitortu du Saizarrek. “Gure iritzia da lan berdinarekin soldata berdina kobratu behar dela, kualifikazioa eduki edo ez. Kualifikazioa, askotan, lanean ari zaren bitartean lortzen duzu”.

Elkarren arteko desberdintasunak tarteko, azkenengo bilera “gaizki” joan zen eta ez ziren ados jarri: “Jada, gure gutxiengo eskaeretara iritsi gara eta hemendik aurrera, mobilizazioen bidez ez bada behintzat, zaila ikusten dugu gure helburua lortzea”. Maiatzaren 11n egingo dute hurrengo bilera, eta bertan gertatzen denaren arabera, langileekin asanblada bat egin eta zein bide hartu erabakiko dute. Hala ere, Saizarrek egoera beltz ikusten du: “Enpresak ez du eman nahi guk eskatzen duguna eta guk ez dugu onartu nahi beraiek eskatzen dutena; irtenbiderik gabeko bide batean sartu gara”.