Elkano 500 Fundazioak Elkanoren edo lehen mundu biraren inguruan lanean ari diren diziplina ezberdinetako profesionalak deitu ditu, irailaren 6an eta 7an, EHUren Uda Ikastaroetan egingo diren aurkezpenen laburpen lerroak bidaltzeko. Ikastaroak Donostiako Carlos Santamaria Zentroan egingo dira, eta parte hartu nahi duen orok, ekainaren 4a baino lehen bidali beharko du bere proposamena.

Elkanoren Euskal Herri barneko bidaia ikastaroak Juan Sebastian Elkanoren, ontziratu ziren gainontzeko euskaldunen, zein lehorrean geratu ziren euskaldunen ingurunean sakontzea, ikertzea eta ezagutzea du helburu. Horretarako, Elkano 500 Fundazioak aukera eman nahi die historialari edo hezkuntza arloko profesional eta artistei, ikastaroaren ardatz eta helburuekin bat datozen lanak aurkezteko.

Irailean ahozko aurkezpena egin nahi dutenek, 250 hitzeko laburpen bat bidali beharko dute info@elkanofundazioa.eus helbidera, beraien lanaren ildo nagusiak, ikerketa proiektuak eta esperientziak ezagutaraziz. Dokumentua, Word formatuan, euskaraz zein gazteleraz idatzi beharko dute, datu profesionalak ere bertan adieraziz: izen-abizenak, lan esparrua, helbide elektronikoa eta telefonoa.

Halaber, pertsona bakoitzak hiru lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez, eta honako irizpideak jarraituz baloratuko dira:

  • Uda ikastaroko helburu eta gaiarekiko lotura.
  • Ezagutza berria sortzeko ahalmena eta gaiaren originaltasuna.
  • Gaurko gizarterako duen erabilgarritasuna.

Bestalde, Elkano 500 Fundazioak ekainaren 11n jakinaraziko die onartutako egileei aukeratuak izan direla. Honako hauek, irailaren 7an Carlos Santamaria Zentroan 10 minutuko azalpen baten bidez aurkeztu beharko dute beraien lana. Horretarako, bidalketa lehen adierazitako helbide elektronikora egin beharko dute, uztailaren 31 baino lehen, egitura jakin bat jarraituz:

  • Izenburua.
  • Laburpena: 80-100 hitz bitartean.
  • Testua: 1.500 hitz gehienez.
  • Bibliografia (behar izanez gero).
  • Egilearen datuak: izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta kargua.