Gaur goizean aurkeztu dute Cristobal Balenciaga Museoan Alaïa eta Balenciaga. Formaren eskultoreak erakusketa. Hain justu, museoaren hamargarren urteurrenarekin bat eginez, bertaratzen direnek bi sortzaile horien ehun pieza ikusteko aukera izango dute –52 Alaïarenak eta 48 Baleciagarenak–. Aurkezpen ekitaldian izan dira Miren Viven museoko zuzendaria, Olivier Saillard erakusketaren komisarioa. Haritz Alberdi Getariako alkatea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, eta Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiako Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua.

Vivesek azaldu du Alaïa eta Balenciagaren arteko elkarrizketa moduko bat dela jendartera zabaldu berri duten erakusketa. Era berean, gaineratu du “dotoretasunari, edertasunari eta sormen prozesuei buruz hitz egin eta modak ondarea esan nahi duela gogorarazten” duela. Azzedine AlaÏa getariar jostun ospetsuaren bildumagile aitzindarietako bat izan zen eta Saillardek nabarmendu duenez, “Balenciaga miretsi egiten zuen. Horregatik, Alaïa Fundaziokoak oso harro gaude gaur hemen egoteaz, eta ziur nago Alaïa bera ere hala egongo litzatekeela”.

Ia lau hamarkadatako lana

Alaïak, berrogei urte ingurutan zehar, artxibo izugarri bat osatu zuen, eta ibilbide hori nola hasi zuen azalduz, erakusketako komisarioak disenatzaile frantziarraren hitzak ekarri nahi izan ditu gogora: “Mademoiselle Rennéek, hainbat hamarkadatan Cristobal Balenciagaren zerbitzura lan egin zuenak, soineko sorta baten artean aukeratzera gonbidatu ninduen. Orduan, ulertu nuen modaren historiaren alde zerbait egin behar nuela, eta orduan hasi nintzen bilduma egiten”.

Bi disenatzaileak iraultzaileak izan zirela adierazi du Zupiriak: “Beraiek jendearen janzteko era eta moda sentitzeko modua erabat irauli zituzten. Gaur egun beren erakusketek islatzen duten moduan, egindako obrari eta beraiek zuten sen artistiko eta kulturalari esker, garaiko bizimoduan iraultza bat abiatu zuten”. Era berean, erakusketa berriak “hainbeste desio dugun turismo kulturalaren eta internazionalaren errekuperaketan lagunduko digu”, gaineratu du.

Etorkizunari begira, bi lan-lerro garrantzitsu azpimarratu ditu Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak: “Lehenik eta behin, Cristobal Balenciagaren figuraren inguruan dakiguna zabaltzea; sortzailea orain dena baino ezagunagoa egitea beharrezkoa iruditzen zait. Bestetik, bai fundazioak baita museoak ere, lurraldearekin, hau da, Getaria, Gipuzkoa zein Euskadirekin dituen harremanak estutzearen aldeko apustua egin behar dugu”.

Gaurtik azaroaren 1a arte ikusgai

Museoko zuzendariak argi adierazi du eurentzat “ohore” bat dela erakusketa hori aurkeztea, “lehenengo aldia baita, beste disenatzaile baten piezekin, bere osotasunean kanpokoa den erakusketa bat jartzen duguna”. Izan ere, ikusgai dauden pieza guztiak Parisko Azzedine Alaïa Fundazioaren bildumakoak dira. Erakusketak sei gela hartzen ditu eta aipatutako 100 pieza horiez gain, Parisko Balenciaga Artxiboen dokumentazioa –zirriborroak, argazkiak eta filmak–, nahiz Azzedine Alaïari buruzko ikus-entzunezko bi pieza daude ikusgai. Gaur zabaldu dute erakusketa eta datorren azaroaren 1a arte egongo da zabalik.