Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko lan egutegia onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak eta irailaren 6a, Elkanoren Eguna, jaieguna izango da. Hain justu, 1522ko irailaren 6an, munduari bira eman ondoren, Juan Sebastian Elkano eta berarekin batera zihoazen marinelak Sanlucar de Barramedako (Cadiz) portura iritsi ziren Victoria itsasontzian. Hala, bidaia haren bosgarren mendeurrenaren harira ezarri dute 2022ko irailaren 6a jaieguna. Egun horrek abenduaren 25a ordezkatuko du; izan ere, datorren urtean igandea tokatuko da.

Euskal Autonomia Erkidegoko lan-egutegiak 2022an izango dituen hamabi jaiegunak honako hauek izango dira: urtarrilak 1 (Urteberria), urtarrilak 6 (Erregeak), apirilak 14, 15 eta 18 (Aste Santua), uztailak 25 (Santiago Eguna), abuztuak 15 (Andra Mari Eguna), irailak 6 (Elkanoren Eguna), urriak 12 (Jai Nazionala), azaroak 1 (Santu Guztien Eguna), abenduak 6 (Konstituzioaren Eguna) eta abenduak 8 (Sorkundez Garbia). Egun horiez gain, udalek eta aldundiek erabaki beharreko beste bi jai egun egongo dira.

Udalaren eta Fundazioaren balorazioa

Haritz Alberdi Getariako alkate eta Elkano 500 Fundazioko presidenteak erabakiaren balorazio egin du arratsaldean. Adierazi duenez, “Fundazioko kideen artean konpartitu eta baloratu izan duten proposamena” da eta “aukera bat bezala” hartu dute.

Era berean, iragarri du jaiegun izendapenak aukera ematen diela Lehorreratzea egunez aldatzeko eta “duela ehun urte lehen aldiz Getarian antolatu izan zen egun berean egiteko, irailaren 6an, alegia”. Mendeurrenaren ospakizunak Lehorreratzea XXI. mendera ekartzeko “ateak irekiko” dituela adierazi du, eta gaineratu “antolatzen dena berdintasunetik munduaren aniztasuna aldarrikatu eta balorean jartzeko” izan beharko lukeela.

Lotutako albisteak: