Maiatzak 11, joan den ostegunetik, nire gelan isolatuta, Covid + test baten ondoren. Berriro ikusi dut, hunkituta, Vetusta Morla taldearen Los abrazos rotos bideoklipa.

Nire semeak eta nire senarra, nire kontaktu estu bakarrak, negatibo eman dute. Nire kutsatzea, probabilitate handiarekin, osasun zentroan gertatuko zen, nahiz eta kontu handiz ibili. Hilabete hauetan, jakin dakizuenez, koronabirus kasu ugari dago gure herrian.

Txertoari esker, konplikazioak izateko oso probabilitate txikia daukat, baina birusa dela-eta tronboak izateko arrisku handia dut, ez txertoa dela-eta, eta horrek kezkatu egiten nau. Nire senarra ere lanera joan gabe eta nire semeak azterketak egin ezinik geratzen dira, orain, ikasturte amaieran. Beste familia askotan sufritzen ikusi dudanarekin alderatuta, oraingoz ezin gara kexatu.

Konfinamendu honek ez dit utziko, besteak beste, familia bat kontsolatzen laguntzen, zeinarengandik hurbil egon nahi nuke, ustekabean eta zorigaiztoko halabehar batengatik semea, anaia, bikotekidea, gaztea eta indartsua, galdu dutelako.

Ordezko bat daukat, Aizarnazabal-Getariako mediku lankidea, lagunduko diena. Eskerrak! Familia mediku bikaina, haiek eta behar dutenak artatuko ditu ni itzuli arte. Gure unitateko errefortzuko medikua da, eta Zumaian ere oso beharrezkoa da. Daukagun bakarra da, ia ezinezkoa baita gu ordezkatuko gaituzten profesionalak aurkitzea, eta etorkizunean ez galtzea espero dut.

Bihar Erizaintzaren Nazioarteko Eguna da. Merezi duten omenaldia gure ezinbesteko lankideentzat; izan ere, une zail honetan, sendaketak, Sintromak, analitikak, elektrokardiogramak eta larrialdietan arreta ematen jarraitzen dute. Gainera, etxeko pazienteei koronabirusen aurkako txertoa jartzen laguntzen ari dira, eta, horrez gain, Eskola Osasuneko txertaketa-programekin jarraitzen dute. Egunero Norbere Babeserako Ekipoz jantzita egiten dituzte antigenoen testak, eta PCRak gero eta ohikoagoak, geldiezinak.

Omenaldia, baita ere,gure emaginentzat, erizain espezializatuak, herriko emakumeak eta garai zalantzagarri honetan haurdun daudenak bakarrik utzi ez dituztenek.

Eta gaixo delikatuak eramatera anbulantzia sanitarizatuetan joaten diren erizainentzat, anbulanzia medikalizatuetan etortzen direnentzat, larrialdietako erizainentzat, ospitaleko solairukoentzat eta zainketa intentsiboetako unitateetakoentzat.

Denok nekatuta gaude. Adoregabetuta. Eta apur bat haserre ere bai, komunikabideetan festa arduragabe eta solidaritaterik gabeak ikusten ditugunean. Ziur naiz gutxiengoa direla, baina gogoan dut Felix Zubia, nire lankide miretsia, nekatuta seguru asko, koronabirus oso larriak dituzten gaixoak salbatzen saiatzen (eta askotan lortzen), ZIUn. Imajinatzen dut zainketan, gauez, alarma-egoeraren amaiera ospatzeko su artifizialak entzuten.

Imajina ezazue nola sentitzen diren gaixotasun horren ondorioz senide bat galdu dutenak, edo senideak isolatuta edo ospitaleratuta dituztenak. Etxetik beldurrez irteten diren adineko eta arrisku altuko gaixoak. Lana galdu dutenak, aurretik etorkizun beltza ikusten dutenak beren negozioak krisian eta irtenbiderik gabe dituztela.

Ez da lasaitzeko garaia. Oso gutxi geratzen zaigu amaiera ikusteko. Zenbat ahalegin eskatzen dizuegu? Bat, bi hilabete? Txertaketa-ehunekoa handiagoa eta nahi dugun immunitate kolektiboa lortzen dugun bitartean. Ingalaterran, atzo, COVIDak eragindako 0 heriotzen datua iritsi zen, eta ikus dezakegu zer gertatzen ari den txertaketa-tasa handiko herrialdeetan, dena oso itxaropentsua.

Baina hemen oraindik ez da horrela. Intzidentzia-tasak handia izaten jarraitzen du, gazteen artean pneumoniak eta ospitaleratzeak daude, ZIUak beteta daude, gure paziente batzuk beste ospitale batzuetako ZIUetara eraman behar izan dira, premiazkoak ez diren eragiketak atzeratzen ari dira, baita beste proba, kontsulta edo screening batzuk ere.

Ez da pertsona askoren bileretarako garaia, distantziarik gabe, maskararik gabe, ez kalean, ez familiartean. Gizarte osoagatik, zuen familiak, gure erizainak, administrariak eta gainerako osasun-langileengatik. Felix Zubia askorengatik, mesedez, egin ezazue azken ahalegina.

 

Mavi Carceller
Familia medikua Getariako osasun zentroan