Atzo egin zen Amaia Lasa Alegria, kaiuaren hegaldia ekitaldi sortako bigarren emanaldia. Hain zuzen, Lasaren ibilbide literarioa oinarri hartuta, mahai inguru bat egin zen Iturzaeta aretoan. Moderatzaile lanak Uxue Alberdik egin zituen; hizlariak, aldiz, Itxaro Borda, Hedoi Etxarte eta Lorea Agirre izan ziren.

Hasteko, hizlari bakoitzari euren eta poeta getariarraren arteko lehen harremana zein izan zen galdetu zien Alberdik, eta zein den gaur egun harekin duten lotura. Ondoren, poeta getariarra “ardazten” duten hitz gako batzuk daudela azaldu zuen Alberdik: “Euskara, literatura, askatasuna, iraultza, feminismoa”. Hala, hizlari bakoitzari gai horietako baten inguruan mintzatzeko eskatu zion.

Borda Lasaren poetikaz aritu zen hizketan, eta Agirre getariarraren obraren zein pentsamoldearen eta feminismoaren arteko loturez mintzatu zen. Gero, Etxarteren txanda izan zen eta getariarraren lanetan eta hark itzulitako testuetan dagoen iraultzaren begirada eta konpromisoa izan zituen mintzagai.

Azkenik, Lasaren eta libertatearen nahiz itsasoaren arteko harremanaz solasteko eskatu zien Alberdik hiru solaskideei. Ekitaldiari amaiera emateko, oholtza gainera igo zen Lasa eta “oso gustura” egon zela adierazi zuen: “Sentitu dut nire lanarekin edo egin dudanarekin distantzia handi bat, eta izena esaten zenutenean konturatzen nintzen ni nintzela. Baina planteamendua eta hizkariak oso onak zaretela iruditu zait”. Egunetan zehar egiten ari diren omenaldia “hunkigarria” ari dela izaten gaineratu zuen eta eskerrak eman zituen guztiagatik.

Gaur, irakurraldi musikatua

Lasa omentzeko ekitaldi sortari amaiera emanez, gaur egingo da azken emanaldia. Hainbat herritarren parte-hartzearekin irakurraldi musikatua egingo da gaur, 18:30ean hasita, Iturzaeta aretoan. Besteak beste, ondorengoek parte hartuko dute emanaldian: Eñaut Elorrieta, Patxi Saiz, Kattalin Zubizarreta, Sara Etxegoien, Eneritz Abruza, Mª Luisa Alkorta, Mikel Muñoa, Xabier Insausti eta Saioa Martinez De La Hidalga.

 

Lotutako albisteak: