Klima-aldaketa datorren hamarkadako erronka larrienetariko bat eta gizarteak aurre egin beharko dien arazo nagusietako bat dela iritzita, Klima eta Energia plana egiten hasi da udala. “Arazo global honi heltzeko” Getariako Udalak argi du tokiko mailatik jardun behar dela; “izan ere, eskala horretan jasaten dira gogorren tenperaturen igoera, itsas mailaren igoera edo gure lurraldean gero eta ohikoagoak diren muturreko fenomeno klimatikoen ondorioak”.

Planak bi lan-ardatz izango ditu: berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea eta klima-aldaketak eragindako inpaktuetara egokitzea. Hala, 2030erako berotegi-efektuko gasen isuriak %40 murriztea eta aurreikusitako inpaktu nagusietara egokitzeko bidean aurrera egitea da udalaren asmoa.

Sektore guztiei zuzendutako neurriak jasoko ditu planak, udaletik bertatik hasita: “Besteak beste, udal eraikinen eta argiteria publikoaren energia aurrezteko eta ekipamenduetan energia berriztagarriak areagotzeko neurriak jasoko dira. Neurri horien bidez, udalak energia kontsumoa %35 murriztu eta energia berriztagarria sortzeko gaitasuna handitu nahi ditu”.

Horrez gain, klima-mehatxu nagusiei erantzuteko eta aurre hartzeko neurriak ere jasoko ditu plan horrek. “Neurri horien bidez, adibidez, herriko azpiegituretan eta hiri-ingurunean jasan daitezkeen inpaktuak murriztu nahi dira, Getariako herritarren osasunean eman daitezkeenak ekidin edo lehen sektorea dagoeneko jasaten ari den inpaktuei aurre egiten lagundu”.

Herritarrei bideratutako galdetegia

Udalak klimaren eta trantsizio energetikoaren aldeko lanari ekin nahi dio, eta horretarako herritarren parte-hartzea “ezinbestekoa” dela nabarmendu du. Hala, plan horren bidez landuko diren gaiei buruz herritarren iritzia zein den ezagutzeko, udalak “online” inkesta hau jarri du udalerriko bizilagun guztien eskura. Galdetegia gaurtik ekainaren 17ra arte erantzun ahal izango da.

Plana egiteko, Getariako Udalak Eusko Jaurlaritzak garapen iraunkorra sustatzeko ekintzak egiten dituzten toki-erakundeei bideratutako diru-laguntza jaso du. Bestalde, laguntza teknikoa emanez, udalarekin elkarlanean arituko dira Donostiako Ados Sostenibilidad y Clima eta Bartzelonako INERGY aholkulariak.

 

Lotutako albisteak