Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi duenez, berritu egin dute alarma egoeragatik gaur egun indarrean dagoen Dekretua, ondorioz, malgutu egingo dira neurriak. Azaldu du erabakia LABIren Aholku Batzordeak, Batzorde Teknikoaren irizpenaren eta Biziberri III Planaren gomendio zientifiko-sanitarioak kontuan izanda, hartu duela.

Hala, bihar, ekainak 19, jarriko dira indarrean neurri berriak; hauek, besteak beste:

  • Jarduera ekonomikoen irekiera 02:00ak arte luzatuko da, eta edukiera muga, oro har, %60koa izango da.
  • Ostalaritzan, sei pertsona egon ahal izango dira mahai bakoitzean, kanpoan nahiz barruan. Hala ere, barruko edukiera %50ean mantenduko da.
  • Kultura, gizarte eta kirol ekitaldietan, gehienez, 600 pertsona egon ahal izango dira eremu itxian eta 800 gune zabalean. 1.600-5.000 pertsona arteko edukierako barruko lekuetan, gehienez, 800 eta 1.200 kanpoan badaude. Edukiera horretatik gorako instalazioetan, edukiera %30ekoa izango da.
  • Aire librero kultura, turismo edo natura bisitetan, gehienez, 20 partaide izango dira. Kanpoan badira, berriz, 10.
  • Elkarte gastronomikoak ostalaritzako baldintzetan irekiko dira: 09:00etatik 02:00etara eta %50eko edukierarekin barruan.
  • Barruko kirol instalazioetan hamar pertsonako taldeak egin ahal izango dira eta aldageletako edukiera %50era handituko da. Eskola kirolean, udako txapelketak baimenduko dira.

Neurriok eragindako egoeraren etengabeko ebaluazioa egingo dute eta 15-20 egunean berrikusiko dituzte. Beharrezkoa bada, lehenago egingo dira berregokitzeak. Bestalde, arintze honekin ere egungo joera positiboa mantentzen bada, Biziberri III planaren neurriak hartuko dituztela eta osasun larrialdia bertan behera uztea azter dezaketeela jakinarazi du Urkulluk.

Maskararik gabe

Bestalde, Pedro Sanchez Espainiko presidenteak goizean esan du ekainaren 26tik aurrera ez dela derrigorrezkoa izango maskara erabiltzea eremu irekietan. Datorren ostegunean egingo duten ezohiko ministro kontseiluan hartuko dute erabaki ofiziala.