Hamar urte bete berri ditu Cristobal Balenciaga Museoak eta hori ospatzeko, ohikoa baino kultura eta aisialdi eskaintza zabalagoa prestatu du uda honetarako. Moda, musika, dantza eta gastronomia uztartuko ditu; batik bat, hurbileneko ikusleekin ospatu nahiko lukete urteurren borobila.

Ospakizun soilaz harago, urteotan egindako ekimen arrakastatsu batzuk balioetsi eta “bertako kultura-eragile eta sortzaileekiko etengabeko lankidetza” aitortu nahi du museoak. Gainera, ikusle berriengana gerturatzeko bidea egingo du, ohikoak ez dituen formatuak landu eta orain artekoak sendotuz. Era berean, bertako sortzailen eta gazteen talentua ezagutarazten eta sustatzen ahaleginduko da, bisitarien artean ere lekua egin dezaten.

Hala azaldu du Miren Vives museoko zuzendariak: “Programan, adin eta jatorri guztietako lagunek gozatzeko moduko aukerak daude, baina, batez ere, gazterian jarri nahi izan dugu arreta, museoa bisitatzeko eta beraien sorkuntzak museotik zabaltzeko joera gutxien duen publikoetako bat baita”.

Bisitak eta berreskuratutako ekitaldiak

Uztailaren 1etik aurrera udako ordutegian irekiko dute Cristobal Balenciaga Museoa, hau da, egunero, 11:00etatik 20:00etara.

Areagotu egingo dituzte Alaïa eta Balenciaga. Formaren eskultoreak erakusketako bisita gidatuak, bai euskaraz bai gaztelaniaz. Gainera, pandemiaren aurretik egiten zituzten bi ekitaldi berreskuratuko ditu: Dantzaz konpainiaren bisita dantzatuak eta Gau Irekia. Lehenak uztailaren 18an eta 25ean izango dira eta bigarrena, berriz, abuztuaren 6an (beharrezkoa izango da lekua erreserbatzea).

Herriaren erakargarri diren hainbat plan bateratzeko aukera ere eskainiko dute, adibidez, Balenciaga eta Elkano ezagutzeko museoa zein alde zaharra bisitatzea; Maisor kontserba enpresa eta Gaintza upategia ezagutzea edo belaontzian zeharkaldia egitea gero museoa bisitatuz.

Kultura ekitaldiak

Kultura arloko eskaintza zabala izango da uztailaren 3an hasita. Egun horretan Dantzaz konpainiak bere aken lana, Gesala, aurkeztuko du. Gil Harushek prestatu du koreografia Getariako tradizioa eta aurrerapena gaitzat hartuta. Dena den, sorkuntzaren ideia Beñat Gereka getariarrarena dela argitu dute. Bestalde, txikienenetzat Dantz(h)ariak familia tailerra antolatuko du museoak.

Uztailaren 30ean, Txilin-hotsak antzezlana emango dute Metrokoadroka Kolektiboak eta Tranpola antzerki taldeak, eta , abuztuaren 8an, aldiz, Con taras y a lo loco bakarrizketa Nerea Garmendiak.

Abuztuko ostiraletan musika gailenduko da museoaren kanpoaldean, izan ere, Kutxa Kultur Musika eta Katapulta Tours programetako zenbait emanaldi hartuko ditu udako terrazak. Hain zuzen ere, Blanquita Carraquelak (abuztuaren 13an), Martin de Martek eta Ramons’s First Boyfriendek (abuztuaren 20an) eta Sara Azurzak (abuztuaren 27an) emango dute kontzertua.

Musika elektronikoak ere izango du lekurik, kasu honetan formatu digitalean. Hala, ekainaren 30etik aurrera, Orphidalen saioa egongo da ikusgai museoaren webgunean.

Azkenik, abuztuko larunbat eta igandetan, Kutxa Kultur Moda programako bost diseinatzaileren lanak museoan egongo dira ikusgai zein salgai. Re_ (Barbara Leon), Fanny Alonso, Nahia Salaberria, URAL (Jon Alkain) eta Natural Killer (Itxaso Segues Guridi) markak ezagutzeko aukera izango da, beraz, baita haien sormen teknikak eta prozesuak ere, han egongo baitira sortzaileak.

 

Lotutako albisteak: