Famili bazkarian, osaba Patxik iloba Aneri, nobiyua duen galdetu dio. Osabak, jakintzat eman du bere sexu orientazioa heteroa dela. Pentsatzen dugu jende guztia heterosexuala dela, lesbianak eta homosexualak salbuespen arraro  bezala tratatuz.

Ane lesbiana edo bisexuala izanez gero, armairutik atera beharko du, bere sexualitatea problematiko bihurtu dugulako, nahi gabe egiten ditugun komentario edo oharkabeko jarrerekin, kontziente izan gabe zein eragin kaltegarria duten.  Indarkeria da pentsatzea mundu guztia hetereoa dela, horregatik esaten dugu gizartea heterosexista dela. Heteronormatibitatea inposatzen dugu, araua bihurtuz, beste sexu orientazioak salbuespen gisa tratatuaz. Ane heteroa den jakintzat eman beharrean, bikotea duen edo norbait gustuko ote duen galdetzen hasi beharko genuke, lesbiana izan daitekeelako.

Armairua guk sortzen dugu, jendea behartuz bertatik ateratzera, baina armairuekin apurtu behar dugu!

Noizbait ikusi al  dituzue Getaiko kaleetan sexu bereko bi pertsona musukatzen? Deigarria egin al zaizu? Ala ez duzu inoiz ikusi?  Gure kaleak espazio seguruak ez direlako izan daiteke, hainbat begirada gaitzesle eta komentario gaizto entzun behar izaten ditugulako. Indarkeria pairatzeko beldurragatik, lesbianismoa eta homosexualitatea ezkutuan bizitzera kondenatuta gaude.  Gainera txikitatik erreferenterik ez izateak edo herriko pertsona anitzak ez ezagutzeak sexu orientazio anitzak inbisibilizatzea dakar.

Zergatik oraindik ere, taberna berezietara joan behar dugu ligatzera? Uler genezake gay eta lesbianek garai batean espazio seguruak bilatzea ligatzeko.  Gaur egun denok horren askeak, toleranteak eta aniztasunaren aldekoak izanda, leku hauen premiak desagertu beharko luke, baina zoritxarrez, gay eta lesbianok, indarkeria jasaten dugu askatasunez adierazten garenean.Berriki hamahiru lagunek Basaurin  Ekain jipoitu dute “marikoi zikina” oihuen artean. Espazio seguruen beharra dugu, gure gizartea homofoboa delako oraindik.

Lesbiana eta homosexualak herri txikietatik hirietara bizitzera joatea guzti honen ondorio zuzena da, herriko lesbofobia itogarritik ihesi, gure bizitzak askatasunez bizi ahal izateko. Fenomeno hori sexilioa bezela ezagutzen da.

Patxi osaba mutilzaharra, bizitza osoan armairuan sartutako homosexuala izan daitekeela burutik pasa al zaizu? Bere sexualitatea bizitza guztian ezkutuan bizi duena, lotsaz eta bakardadean? 43 urte bakarrik pasa dira homosexualitateak delitu izateari utzi zionetik, gure zaharrek ezin izan dute euren sexualitatea adierazi. Ez da kasulialitatea 80 urteko lesbianarik ez ezagutzea gure inguruan, orduan bizirauteko modu bat zelako. Zigorrak, kartzela, psikiatriko edo bestelakoak pairatu zituzten. Zorretan gaude haien mina ez dugulako  erreparatu.

Getaria espazio segurua, anitza eta ez homofoboa izan arte, borrokan jarraituko dugu. Ekainak 28an LGBT harrotasunaren nazioarteko egunean, zuen sexu orientazioa aske bizitzera gonbidatzen zaituztegu!

Mariñak Getaiko Talde Feminista