Azken urte eta erdi pasatxoan, koronabirusaren ondorioz ekitaldi ugari bertan behera geratu dira; horietako bat izan zen joan den urteko San Anton Bira igeriketa proba. GetaiTri Triatloi Klubak antolatuta, 2019an egin zen proba horren lehen edizioa, eta aurten, bigarrena egingo da. “Covid egoerak hobera egin duenez, udalarekin eta Getaria Zarautz Itsas Zeharkaldiaren antolatzaile diren Zarauzko Balea Igeriketa elkartearekin batera, adostu genuen aurten ere San Anton Bira egitea”, azaldu dio ARTZAPEri Iban Aranguren GetraiTri Triatloi Klubeko kideak.

Proba uztailaren 18an, igandean, 10:00etan hasita egingo da. Igerilariak Gaztetape hondartzatik irtengo dira eta, 2.600 metro igerian eginez, Malkorbeko hondartzan amaituko dute ibilbidea. “Duela bi urte bezala itsaso handia egongo balitz, Malkorben triangelu bat osatu eta proba hantxe bertan egingo litzateke”, argitu du Arangurenek.

Lehenengo edizioan 370 igerilarik parte hartu zuten San Anton Biran, eta Arangurenek azaldu duenez, aurten ere horrenbeste izateko esperantza dute: “Ea orain dela bi urte herri mailan sortu zen olatu, indar eta gogo hori berriro ere pizten diren eta herri mailan aktibitate hori indartzen dugun”.

Atzo jarri zen martxan izen-ematea eta uztailaren 11ko 23:59 arte egongo da zabalik izen-ematea. “Badakigu nahiko presazko kontua dela, baina aurten, osasun egoera dela-eta, aurreikuspenak ezin izan dira bete azkenengo momentura arte, eta pixka bat presazko egoera izango da”, dio Arangurenek. Izen-ematea kronoak.com webgunearen bitartez egin behar da eta 20 euroko kostua du.

Lanketa handiagoa

Arangurenek aitortu digu egungo egoeran gauzak antolatzeak lan gehiago eskatzen duela, “baina guk nahi genuen zerbait eskaini herri mailan, hau dena berriro ere mahai gainean jarri eta jendea kirola egitera animatu”. Azken bi asteetan, erakunde desberdinengana jo eta baimenak lortzen aritu direla azaldu du GetaiTri Triatloi Klubeko kideak. Horrez gain, “berriro ere, Balentziaga Odontologi Zentroak eta Laboral Kutxak laguntza eman digute”.

Proban bertan hainbat neurri hartuko dituzte: “Parte-hartzaile bakoitzak erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuta aurkeztu beharko du. Bertan, besteak beste, COVID sintomarik ez duela aitortu beharko du. Bestalde, poltsak banatzerako momentuan tenperatura hartuko diegu igerilarie, eta uretara, gehienez, 50eko taldetan sartuko dira”, dio Arangurenek. Gehienez, 400 pertsonek igeri egin ahal izango dute proban.

Getaria Zarautz Itsas Zeharkaldirik ez

Aurten ez da Getaria Zarautz Itsas Zeharkaldirik egingo; horren ordez, beste formatu bateko proba prestatu dute antolatzaileek. Zehazki, bi proba egingo dira; bata uztailaren 24an eta bestea 25ean, biak 09:00etan hasita.

Uztailaren 24an, larunbatean, igerilariek 5.000 metroko distantzia egin beharko dute. Irteera eta helmuga eremua Zarauzko hondartza izango da. Zarauzko Belauntzaran plazaren paretik (Duke-Enea) irten eta parte-hartzaileek Mollarrirainoko joan-etorria egin beharko dute igerian. Gehienez, 500 igerilarik parte hartu ahal izango dute proba horretan.

Hurrengo egunean, uztailaren 25ean, ibilbidea laburragoa egingo da: 3.000 metrokoa. Proba honetan ere, Irteera eta helmuga eremua Zarauzko hondartza izango da. Zarauzko Belauntzaran plazaren paretik (Duke-Enea) irten eta igerilariek Ubirirainoko (Zarauztik Getariarako errepidean bigarren eta hirugarren tunelen arteko guneraino) joan-etorria egin beharko dute. Bertan, 1.500 igerilarik parte hartu ahal izango dute.

San Anton Biran bezala, proba horietarako izen-ematea kronoak.com wegunearen bitartez egin behar da.