Esperantzak ligako bigarren bandera eskuratu zuen joan den larunbatean Camargon jokatutako estropadan. Kantabriatik bueltan, 22:00etan, udaletxeko balkoira igo ziren Getariako Arraun Taldeko kideak. Irudietan ikus daitekeen modura, herritar ugari bertaratu zen plazara eta euren txalo artean astindu zuten bandera arraunlariek.

KAE1 Ligako seigarren jardunaldiko garaipena eskuratzeaz gain, 66 punturekin, sailkapen orokorreko lidertza lortu dute getariarrek. Euren atzetik daude, 63 punturekin berdinduta, SDR Pedreña eta Kaiku Berez Galanta, hurrenez hurren.

Larunbatean, lan ederra egin zuten Getariako arraulariek. Laugarren txandan irten ziren San Pedro, SDR Pedreña eta Kaiku Berez Galanta ontziekin batera. Azkenengo luzera arte ez zuten estropadaren buru jartzea lortu, baina azkenean bigarren sailkatuari, SDR Pedreñari, ia segundo eta erdiko aldea atera zien.

Datorren asteburuan beste bi hitzordu izango ditu Esperantzak. Larunbatean, 12:00etan hasita, Zumaian izango dira XXXVI. Zumaiako Ikurrina irabazteko lehian. Igandean, berriz, Orio Kanpiña III. Banderan egingo dute arraun, 11:30etik aurrera.

Lotutako albisteak: