Urola Kostako Sareko eta Etxerateko kideek astelehenean aurkeztu zuten Getarian, Ibilian-ibilian etxerako bidean udako kanpainaren baitan, datozen bi asteetarako prestatutako egitaraua. Hala, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea aldarrikatuz hainbat ekimen antolatu dituzte eskualdeko udalerrietan. Aurkezpenean azaldu zutenez, “Antton, Ekaitz, Gregorio, Gotzon eta Pow etxera bidean jarri nahi ditugu, Euskal Herrira ekarriz, graduen progresioa ahalbidetuz eta hiru laurdenak bete dituztenen kasuan baldintzapeko askatasuna egi bilakatuz”.

Zenbait ekimen Getarian egingo dira. Alde batetik, gaur eta larunbata bitartean, Sareren laugarren bizikleta itzulia egingo da. Partehartzaileek urruntze politikaren kontra eta euskal presoen etxeratzearen alde Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia zeharkatuko dituzte bizikleta gainean. Sarek “positiboki” baloratzen ditu orain arte emandako urratsak, “baina urruntze politika euskal preso guztiak Euskal Herrian izatean soilik amaituko” dela irizten dio.

Pandemiaren ondorioz, segurtasun eta osasun neurriak bermatze aldera, goizetik eguerdira hiru etapa independiente egingo dituzte: gaur, Garesetik Orionera (82km); bihar, Sopelatik Mundakara (43km); eta etzi, Zumaiatik Donostiara (69km). Larunbatean, uztailaren 24an, bizikleta martxa Getariatik igaroko da. 09:00etan irtengo dira partaideak Zumaiatik eta, aurreikuspenen arabera, 09:30 aldera zeharkatuko dute Getaria.

Uztailaren 31n, oinez edota txalupaz

Hurrengo larunbaterako, hilaren 31rako, Urola Kosta errepidez eta itsasoz elkartuko duen ekimena proposatu dute. Oinez, bizikletan eta arraunean irtengo diren zutabe desberdinak eskualdeko herriak zeharkatuko dituzte eta ondoren, Getarian elkartuko dira guztiak. 11:30ean hasita, Bista Onan egingo da amaiera ekitaldia.

Argazkia: Baleike