Unax Eizagirreren (1998, Getaria) gidaritzapean joan ohi dira Getariako arraunlariak; izan ere, bera da Esperantza traineruko patroietako bat. 2017az geroztik dihartu Getariako Arraun Elkartean, beraz, gazte getariarrak badu trainerua zuzentzen zenbait urtetako esperientzia.

Aurten denboraldi ikaragarri ari da egiten Getariako Arraun Taldea. Joan den igandean lortu zuten euren azken garaipena, alegia, Espainiako Traineru Txapelketakoa. Lehen aldia izan da getariarrek txapelketa hori irabazten zutena. Eizagirrek ARTZAPEri azaldu dionez, lortutakoarekin gustura eta lanean jarraitzeko gogoarekin daude.

Igandekoa ederra izan zen, ezta?
Bai, Bai. Espainiako Traineru Txapelketan parte hartzeko aukera eman ziguten eta aprobetxatu egin dugu. Agian, Getariak ez du inoiz gehiago Espainiako txapelketa irabaziko; berriz ere txapelketa hori jokatzeko aukera izatea ere zaila izango da.

Berez, Euskadiko txapelketako aurrenengo laurak joaten dira, eta Kantabriako eta Galiziako bi. TKE ligak, ordea, bi jardunaldi jarri zituen joan den larunbatean eta igandean, beste urteetan ez bezala. Orduan, ezin izan zuten horiek Espainiako txapelketara joan eta guri eman ziguten aukera.

Nolako estropada izan zen?
Hasieran, Pedreñak aurre hartu zigun. Beste estropetan ere, normalean, aurre hartzen digu. Aguantatu egin genuen eta bigarrengo luzean aurretik jarri ginen. Gero estropada guztian aurretik joan ginen.

Ohi modura, jendetza bildu zen igandeko ongi etorri ekitaldian
Bai. Jende asko etortzen da gu ikustera eta hori eskertzen dugu.

Herriaren babesa, beraz, sentitzen duzue?
Bai, eta egun horietan bakarrik ez. Entrenatzera joaten garenean ere beti esaten digute: “Ea larunbatean edo igandean ekartzen duzuen bandera!”. Hori ere eskertzen da. Eta gero, bandera irabaztean ere hor egoten da jendea.

Getarian, arrauna gero eta gehiago bizitzen dela esango zenuke?
Bai. Getariako Arraun Elkartean gero eta getariar gehiago gaude eta lagun-kuadrila desberdinetako arraunlariak gaude; ia kuadrila bakoitzean arraunlari bat dago eta gazteek ere asko mugitzen dute herria.

“Esperantza” iazko estropada batean

Ligan ere, dagoeneko, hiru bandera lortu dituzue eta sailkapenean lider zaudete. Emaitza oso onak ari zarete lortzen…
Bai, aurrena goaz eta, jada, denboraldiaren erdia baino gehiago egin dugu. Orain, hiru asteburu falta zaizkigu, alegia, sei estropada; aste honetan, gainera, Getarian jokatuko dugu. Ea aurrena segitzen dugun denboraldia bukatu arte.

Nola ikusten duzu taldea?
Gustura eta indartsu dago. Irabazi nahi genituen banderak irabazi ditugu eta ea, orain, zorte pixkatekin, borobiltzen dugun denboraldia. Gainera, arraunlari guztiak erabiltzen ditugu. Ez dago beti kanpoan gelditzen den inor, denok jokatzen dugu eta gustura gaude. 17 arraunlari gara eta denok irabazi dugu, gutxienez, bandera bat.

Espero al zenuten horrelako denboraldia egitea?
Espero genuen ondo ibiltzea, baina horrelakorik ez. Kaiku eta Pedreñaren aurretik ibiltzea… Estropada batzuetan espero genuen, baina zaila izango zela garbi zegoen.

Lehia estu dago, ezta?
Bai, aurrenengo laurak bost punturen barruan gaude eta egun batean huts eginez gero… Aurrena goaz, baina laugarren geratzeko ez da asko behar.

Beraz, estropadetan, badaukazue presio puntu hori
Bai. Beste urteetan, normalean, garai hauetarako bi talde ihes eginda egoten ziren. Gehienetan, garbi egoten zen Playoffetara zein joango zen. Baina aurten, lau talde gaude hor aurrean, lehian.

Lehengo urtean ez bezala, aurten zortea izan duzue eta koronabirusagatik ez duzue gelditu behar izan
Aurreko urtean zorte txarra eduki genuen; gainera, data hauetan izan zen. Aste honetan egin ditugu, Espainiako txapelketara joateko, test antigenoak eta denok negatibo eman dugu. Zaintzen ari gara eta ondo ari zaigu ateratzen.

Datozen estropadetarako ba al duzue helbururik?
Polita izaten da banderak irabaztea, baina guk orain play-offetara nahi dugu joan. Orduan, ea estropadaro aurrenengo bitan sailkatzen garen, horrek ziurtatuko digu bukaeran aurrenengo bitan egotea.

Kontxako estropada ere hor tartean izango da. Estropada horretarako asmo jakinik ba al duzue?
Bigarren mailakoontzat estropada hori opari bat izaten da. Oso oso zaila da sailkatzea, baina joango gara eta ea zer egiten dugun.

 

Lotutako albisteak