Arraun ta amets – Soñando el mar izeneko ikuskizuna Donostiako 82. Musika Hamabostaldirako sortu dute. Gaur ikuskizun horren lehenengo emanaldia egingo da, hain justu, Getarian. Musika Aitzakia zikloaren baitan, 20:45ean, San Salbatore elizan estreinatuko dute. Emanaldiaren jatorrizko ideia Frantxis Lopez de Landatxerena eta Javier Perez de Azpeitia pianistarena da.

Ikuskizunak lehen mundu biraren bosgarren mendeurrenarekin du harremana, horregatik, itsasoarekin lotutako musika eta poemak nahastuko dituzte. Perez de Azpeitiak hautatu du musika, eta berarekin batera Jone Martinez sopranoak interpretatuko ditu abestiak; besteak beste, Schuberten Am Meer; Donizettiren Il barcaiolo; Liszten Ballade aus dem Fliegenden Holländer; Faureren Au bord de l’eau; Poulenceren Les chemins de l’amour; eta Garbizuren Ilunabarra.

Kantuaz eta pianoaz gain, abestien artean, Iñaki Beraetxe aktoreak hainbat olerki errezitatuko ditu. Besteak bestea, Amaia Lasa getariarrarenak.

Arratsaldean, haurrentzako emanaldia

Getaria.Gozatu.Kultura egitasmoarekin jarraituz, 19:00etan hasita, Kantu Kolore taldeak Ametsen urtebetetzea emanaldia egingo du Bista Onan; eguraldia lagun bada, behintzat. Ikuskizuna taldearen lehen filmean dago oinarrituta eta zuzeneko musika izango du.

Argazkia: Noticias de Gipuzkoa

 

Lotutako albisteak: