Irailarekin batera ekin dio Sahatsaga kiroldegiak ikasturte berriari. Goizean, 08:30ean, zabaldu ditu ateak eta, ohi moduan, 12:30ean itxi. Arratsaldetan zein asteburutan ere emango du zerbitzua: 16:00etatik 22:00etara lehenengoetan eta 09:00etatik 13:00etara bigarrengoetan.

Koronabirusak eragindako pandemiak izango du zeresanik ikasturte berrian ere, eta jakinarazi dutenez, “legediak ezarritako aldaketak bete beharko dira kiroldegi guztian une oro”. Hargatik, besteak beste, aldagelen erabilera murrizteko eta etxetik toalla txiki bat eramateko aholkatu dute.

Hala ere, aurreko ikasturteko eskaintza mantenduko du kiroldegiak: haurrentzat judo, karate, boulder eta zunba; helduentzat spinning, yoga, hipopresiboak, zunba, aerobik, pilates eta karate; eta zaharragoentzat pilates klaseak goizetan. Hainbat ikastaro datorren astelehenean, irailak 6, hasiko dira eta beste zenbait, berriz, urriaren hasieran. Izan ere, hil honen amaieran, ate irekiak antolatzeko asmoa du kiroldegiak.

Liburutegia ere normaltasunera

Udako oporrak igarota, zerbitzuak beren egunerokotasunera itzultzen hasi dira apurka, hala merkatariak, irakasleak… Getariako liburutegia ez da salbuespena eta astelehenean berrezarri zuen arratsaldeko ordutegia. Aurrerantzean 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.