Denboraldian zehar erakutsitako mailari eutsita, lan ona egin zuen atzo Getariako arraun taldeak Kontxako Banderako sailkapen estropadan. Bizitzen ari diren une gozoa eta atzoko lehen ziabogako denbora tarteko, herritar batek baino gehiagok irudikatuko zituen  Esperantzakoak igandean Donostiako uretan arraunean.

Errealitatea, ordea, bestelakoa izan zen: estropada ona egin zuten eta 10. sailkatu ziren 21:01,08ko denborarekin, baina Kontxako Bandera irabazteko lehiatik kanpo geratu ziren, 13,34 segundugatik. Dena den, denboraldian zehar arerio izandakoen zein TKEko zenbait traineruren aurretik sailkatu ziren, eta gustura ziren klubeko ordezkariak. Hala adierazi zuten sare sozialetan: “Ez da posible izan baina oso harro gaude gure mutilek egin duten estropadarekin. Bikain mutilak!”.

Kontxako Banderan, gizonezkoen jardunaldietan, Santurtzi, Hondarribia, Zierbena, Cabo, Orio, Urdaibai, Ares eta Donostiarra lehiatuko dira. Emakumezkoenetan, berriz, Arraun Lagunak, Orio, Hondarribia, Tolosaldea, Deustu, Hibaika, Chapela eta Donostiarra ariko dira nor baino nor.

Getariarren hurrengoa

Garrantzi handiko hitzorduak izango dira hurrengoak Getariako Arraun Elkartearentzat, izan ere, duela pare bat aste KAE1 Liga irabazita, datorren urtean zein mailatan ariko diren dago erabakitzeke. Herrian sortutako ilusioari ahalik eta ondoen erantzuten saiatuko dira arraunlariak irailaren 18an Bermeon eta 19an Portugaleten jokatuko diren estropadetan.