Ostiralaz geroztik ez da COVID kutsaturik izan Getarian. Horrez gain, azken hamalau egunetan positibo bakarra identifikatu du Osakidetzak herrian; zehazki, joan den asteartean. Hala, positibo-tasa, gaur gaurkoz, 35,34koa da.

Euskal Autonomia Erkidegoan ere positiboek behera egin dute eta atzo zenbatu zen asteburuko positibo kopuru murritzena. Orotara, 3.668 PCR eta antigeno proba egin eta 119 positibo atzeman zituzten. Positibo-tasa %3,2koa izan zen, bezperakoarekin alderatuta, puntu bat baino gehiago jaitsi zen. Kutsatu gehien Bizkaian eta 40-49 urte bitarteko helduen artean atzeman ziren.

Hala ere, erietxeratzeek gora egin dute. Atzo, 26 pertsona erietxeratu zituzten koronabirusa dela eta, eta momentuz, gela arruntetan, 170 gaixo daude. ZIUetan, berriz, bezperan baino gaixo bat gutxiago dago; hain justu, 57.