Datorren urtean, mundu biraren 500. urteurrenean eta lehorreratzearen irudikapenaren 100. urteurrenean, egingo da hurrengo Elkanoren Lehorreratzea. Hori dela eta, Getariako Udalak Lehorreratzearen inguruko parte hartze prozesua jarriko du abian eta datorren ostegunean, irailaren 16an, aurkeztuko die getariarrei egitasmoa.

Aurkezpen ekitaldia irekia izango da eta, 19:00etan hasita, Iturzaeta aretoan egingo da. Udalak jakinarazi duenez, “herriko hainbat eragilek parte hartuko dute prozesuan, ekitaldiari buruzko iritziak, begiradak eta ikuspegiak partekatzeko”.

2022an ehun urte beteko dira lehen Lehorreratzea egin zenetik. Hala, urte horietan guztietan “lan egin duten getariar asko eta askoren dedikazioa” aitortzeko aprobetxatuko du osteguneko ekitaldia udalak: “Herritarren ahalegina, ilusioa eta ekarpena berariaz aintzakotzat hartzea da Getariako Udalak orain hasiko duen parte hartze prozesu horren abiapuntua”.

Ekimenaren nondik norakoak

Ekitaldian, elkarrizketa eta parte hartzeko prozesuaren helburuak eta dinamikak azalduko dira. Prozesu hori 2021eko irailetik abendura bitartean egingo da. “Ekimen honen helburua bikoitza da: batetik, Getariako bizilagunek gaur egun nola bizi eta sentitzen duten Elkanoren lehorreratzea jakitea; bestetik, etorkizunean nola egin nahi duten eta 2022rako bide berriren bat aztertu behar den hausnartzea”.

Profil eta herritar talde desberdinekin, zortzi elkarrizketarako gune edo saio egingo dira. Urrian, gainera, herritar guztientzat irekita egongo den mintzodromoa egingo da. Era berean, aurrerago bidaliko den galdetegiaren bitartez ere, herritarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte. “Parte hartzeko foroetatik ateratako ondorioek aukera emango dute, etorkizunean, herritarren nahien arabera diseinatzeko ekitaldia eta, hala badagokio, beharrezko egokitzapenak egiteko”, azaldu dute udaletik.

Ekitaldian honako hauek hartuko dute parte: Haritz Alberdi Getariako alkateak, Aitor Urresti zinegotziak, Elkano Fundazioak – Elkanoren figuraren, bidaia beraren eta Euskal Herriko testuinguru sozioekonomikoaren inguruko ezagutza berriak aurkeztuko ditu–, eta prozesua erraztuko duen Prometea talde teknikoa. Beñat Aristi de la Hoz aktoreak (Juan Sebastian Elkanoren larruan) eta Kresala dantza taldeak ere hartuko dute parte.