Enpresentzako Zerbitzuen bitartez, Urola Kostako Udal Elkarteak ondorengotza gaiaren alorrean prestakuntza eta banakako aholkularitza emango ditu. Ekimenean, epe motzera edo ertainera egoera horretan egon daitezkeen eskualdeko negozio jabeek hartu dezakete parte; zehazki, enpresa txikien (0-10 langile) jabeek edota eskualdatze prozesuren batean murgilduta dauden eskualdeko ekintzaileek.

Izena emateko azken eguna datorren ostirala, irailaren 17a, izango da. Izen-ematea ondorengo telefono zenbakiaren edo posta elektronikoaren bidez egin daiteke: 943890808 edo enpresa@urolakosta.eus.

Xedea da ekiditea “eskualdeko enpresa bideragarrietako titularren erretiroak edota eskualdatzeak direla-eta, negozio horiek ixtea”. Ekimena bi talde-prestakuntza saiorekin abiatuko da; goizez, 09:30etik aurrera, Udal Elkartearen egoitza nagusian. Lehenengo saioa hiru ordukoa izango da, irailaren 23an; bigarrena, lau ordukoa, irailaren 30ean egingo da.

Prestakuntza saioen ondoren, banakako tutoretza saioak egingo dira, bi fasetan. Lehendabizi, enpresen diagnostiko laburra landuko da, enpresa bakoitzaren ondorengotza edo eskualdatze aukerak aztertzeko. Azkenik, lanketa horietatik abiatuta eta banakako aholkularitza bidez, banan-banan, enpresaren balorazio ekonomikoa, azterketa juridikoa eta hainbat gomendio landuko dituzte.