Uxue Alberdi idazleak, Araiz Mesanza ilustratzaileak eta Antxiñe Mendizabal editoreak atzo aurkeztu zuten Hili (Elkar) liburua Donostiako Udal Liburutegian. Getariako bizilagunak azaldu zuenez, “hiltzearen ideiaren inguruko burutazio, pentsamendu eta, batez ere, galderekin osatutako album ilustratu bat da”.

Liburuak heriotza du hizpide eta proiektuaren abiapuntuko hausnarketa hauxe izan da: “Adin batetik aurrera, hil egingo garela ulertzen dugu, ulertzen saiatzen gara”. Alberdiren hitzetan, “protagonista nagusi batek eta bere panpinak osatzen dute liburuaren ahotsa”. Batzuetan, ordea, “panpina protagonistaren ordezkoa da, ispilua da, laguna da, alter egoa da, eta solasaldi isil horren bitartez, pentsaezina eta iristezina dirudien errealitate batera inguratzen dira”.

Getariako bizilagunaren hitzetan, elementu desberdinekin osatutako lana izan da: “Badaude gai baten inguruan bildutako galdera sortak, izan unibertsoaren eta zeruaren ingurukoak, naturari lotutakoak… Badaude kaligramak (hitzen bidezko irudiak), badaude poemak, badaude dialogo laburrak”. Aurkezpenean azaldu zuenez, idazleak lau urtez artxibo batean bildu ditu heriotzari buruzko galderak, besteak beste, berak txikitan egindakoak, seme-alabek botatakoak eta lagunek edo euren seme-alabek plazaratutakoak.

“Esaldi zerrenda batekin azaldu zen eta irakurri genituenean heriotzaz hitz egiten zutela iruditzen zitzaigun. Irudipena besterik ez zen izan, segituan argitu baitzigun ez zela heriotzari buruzko liburu bat, hiltzeari buruz baizik. Ez zela doluari buruzko lan bat, dolua bizitzeko, pentsatzeko edo arintzeko liburua, baizik”, kontatu zuen aurkezpenean Mendizabal editoreak.

Sinopsiak azaltzen duenez, “haurrengan pentsatuz sortutako proiektu bat izan da. Hilda egotea zer den ulertzen saiatzen da haurra, eta ihes egiten dio zerbaitek; liburuaren ekarpena, ordea, ez dago haurrei mugatua, heriotzaren inguruko galdera-erantzunak ez direlako inoiz erabakita geratzen”.

Elkar argitaletxeak bere YouTubeko atarian ondorengo bideoa zintzilikatu du. Bertan, liburuaren aurkezpen labur bat egiten da:

 

Argazkia: El Diario Vasco