Abian da Ondarearen Europako Jardunaldien seigarren edizioa. “Guztion ondarea, denok parte! Ondare irisgarri eta inklusiboa” programazioaren baitan, ehun jardunaldi eta ekitaldi inguru antolatu dituzte Gipuzkoako 31 udalerritan zehar; tartean, Getariako Cristobal Balenciaga Museoak parte hartuko du.

Orotara, 70 erakunde parte-hartzaile izango dira; besteak beste, museoak, elkarteak, gizarte kolektiboak eta partikularrak. Programa irailean hasi eta azaroaren amaieran amaituko da eta xedea da ondarea herritar guztiengana hurbiltzea. Ekitaldi gehienak doakoak dira eta aldez aurretik eman behar da izena.

Aurtengo edizioko jarduerek “ondarearen irisgarritasunean eta inklusioan jartzen dute arreta, kulturaren irisgarritasun unibertsalerantz aurrera egiteko helburuarekin”. Hala, seigarren edizioan landu diren gakoei eta balioei etorkizunean ere jarraipena ematea da asmoa. Ondarea pertsona guztiei hurbiltzeko moduko kultura ekitaldiak antolatu dituzte: “Ikusmen desgaitasuna, desgaitasun kognitiboa, desgaitasun fisikoa edota entzumen desgaitasuna duten pertsonentzat”.

Ekitaldien nondik norakoak eskuragarri daude Gipuzkoa Kultura webgunean, baita kultur etxeetan eta museoetan eskuragarri dagoen paperezko katalogoan ere. Era berean, herentzia kulturalari buruzko beste ikuspegi batzuk ere kontutan izan dituzte: “Hala nola, generoaren ikuspegia, hainbat hizkuntzatan hitz egiten duten beste kultura batzuetako pertsonen parte hartzea eta adin nagusiko pertsonen presentzia, jendeak belaunaldi arteko jardueretan gozatzeko aukera izan dezan”.