Mundu biraren 500. eta lehen lehorreratzearen 100. urteurrenekin bat eginez, 2022ko irailaren 6an egingo da Elkanoren Lehorreratzea. Herritarrek ekitaldia nola bizi duten jakin eta bere horretan utzi edo egungora egokitzeko aldaketarik egin behar zaion hausnartzeko, herri elkarrizketa bultzatuko du Getariako Udalak. Atzo Iturzaeta Herri Eskolan egindako aurkezpen ekitaldian azaldu zituzten horren nondik norakoak.

Prometea aholkularitzak kudeatuko du parte-hartze prozesua eta bertako teknikarietako batek azaldu zuenez, hiru galdera izango ditu oinarri herri elkarrizketak: Gaur, nola bizi dugu getariarrok Elkanoren lehorreratze ekitaldia?, Etorkizunean, hamaika –edo ehun– urte barru, nola irudikatzen dugu Elkanoren lehorreratze ekitaldia? Nola gustatuko litzaiguke izatea? eta 2022. urteko ekitaldian, zer planteatuko dugu? Bide berriren bat irekiko ote dugu?

Azterketa ahalik eta herritar gehienengana zabaldu asmoz, konpromiso maila ezberdinetako guneak bereizi dituzte. Batetik, kolektibo jakin batzuei zuzendutako arratsalde bateko saioak egingo dira: gazteentzat urriaren 5ean, ekintzaileentzat urriaren 13an, eta emakumeentzat urriaren 20an. Nerabeentzako saio bat era izango da baina oraindik ez dute datarik zehaztu.

Saio horietan parte hartzeko aukerarik ez dutenentzat, mintzodromo bat antolatuko dute. Horren asmoa da “saio ireki bat egitea, 50-60 getariarrekin, arratsalde batean, toki ireki batean, talde txikietan banatuta, lehorreratzeaz hitz egiteko”. Urriaren amaieran, 28an, izango da. Fase horretan agertzen diren ideia eta ondorioak kontuan hartuta, galdetegi bat zabalduko dute herrian, norberak bere ekarpenak egin ditzan.

Bestalde, parte-hartze prozesuak talde eragile bat izango du, “getariarren begirada, izaera ezberdinak, barne hartuko dituena”. 20-25 kide izango ditu eta lehen lehorreratzean parte hartutakoek, laguntzaileek, emakumeek, adindunek, udal zein Elkano Fundazioko ordezkariek eta abarrek osatuko dute. Gainerako saioetan jorratuko diren gaiak zehaztu eta haietatik ondorioak aterako dituzte. Lau jardunalditan parte hartzeko konpromisoa dute eta partaide izateko gonbidapenak eman badituzte ere, ez da talde itxia.

Hain zuzen ere, herritarren aniztasuna bilatu beharra azpimarratu zuen atzo Aitor Urresti zinegotziak. Horretarako jendea entzun, ikusarazi eta ulertu behar dela azaldu zuen. Era berean, jakinarazi zuen astelehenetik aurrera posta elektroniko helbide bat jarriko dutela martxan: elkano500@getaria.eus.

Herritarren ahotik bildutakoak dokumentatu egingo dituzte Prometeoko kideek, eta ezagutza areagotzeko baliagarri izango dela uste dute. Haritz Alberdi alkateak adierazi zuen “herri elkarrizketa kontakizunen arteko kontakizuna eraikitzeko” izango dela. “Gure elkarrizketatik aterako da etorkizuna, gaurko belaunaldiok, gaurko bizitzeko eretatik, gaurko betaurrekoekin eta momentuko kodeetatik eraikiko dugu auzolan kolektibo horren izen eta izana”.

Elkanoren urtea

Aurrez, Alberdik berak argitu zuen ez zela kasualitatea parte-hartze prozesu honen aurkezpena atzo, irailaren 6an, egitea, izan ere, data horretan izendatu zuten Elkano kapitain. “Mundu biraren espedizio hark hiru urte iraun zituen, 1519tik 1522ra, baina esango genuke ‘Elkanoren urtea’ orain hasten dela”.

Urteurrenek gizartean duten garrantziaz jardun zuen, baita haiek “karakterizatzeko” moduaz ere. Bide horretan, euskaldunok “gure narratiba historikoa” eraiki beharra azpimarratu zuen. Kolonietatik onurak izandako herria garela aitortu zuen, baita kolonizatuak ere: “Gure kultura, gure hizkuntza eta gure instituzioak menperatuak izan dira. Konplexutasun horretatik, gure ikuskera guztion eskura jartzea garrantzitsua da, guk egin ezean, guk kontatu ezean historia hori, beste batzuek kontatuko dutelako, orain arte egin duten bezala”.

Kolonialismoari lotutako bikotasun horri lotuta, Alberdik gogora ekarri zituen Aita Santuak 2015ean Bolivian egindako adierazpen batzuk. Hark barkamena eskatu zuen, Amerikaren konkista deiturikoan, bertako herrien aurka egindako krimenengatik. “Diferentziak diferentzia, hunkitu eta identifikatzen nauten hitzak dira”, aitortu zuen alkateak.

Memoria hura lehorreratzean irudikatu eta 100 urtean zehar transmititzeko abilezia goraipatu zuen, ekitaldia bera “ondare” izendatuz. Beñat Gerekak ondutako ikusentzunezko batek laburbildu zuen herrian errotutako ekitaldiaren bilakaera.

Bestalde, azken urteetako lana eta irakaspenak laburbiltzeko baliatu zuten atzoko aurkezpena bai Alberdik bai Elkano Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek. Mundu biraren 500. urteurrena ezagutzan sakontzeko erronkatzat dutela nabarmendu zuten, baita zenbait aurreapauso zehaztu ere.

Beñat Aristi aktoreak hezurmamitu zuen atzo ere Elkano itsasgizona. Haren arropak jantzita oholtzaratu zen emanaldiaren hasieran, eta haiek soinetik kenduta amaieran, eraikitzeke dagoen kontaketaren adierazle. Itsas gizonaren biografia laburra egin zuen berriro, aipatuz hainbat datu berak zein ingurukoek utzitako idatziei esker dakizkigula eta beste batzuk ezin direla jakin. Antzerkigile eta istorio kontalari lanarekin konparaketa eginda, honela amaitu zuen emanaldia: “Zer kontatu aukeratzen dudanean, nahita edo nahi gabe, zer ez kontatu aukeratu behar dudala pentsatu behar dut. Guri ere halaxe tokatzen zaigu, istorio hau nola kontatu aukeratzea, dakizkigunak jakinda eta jakin ezin direnak kontuan edukita. Azken finean, guri istorio hau, historia hau, eta ez edonolakoa, kontatzea tokatzen zaigu”.

 

Lotutako albisteak: