Emun Aholkularitza taldearen laguntzarekin, Getariako emakumeen eta gizonen berdintasun diagnostikoa lantzen ari da Getariako Udala. Diagnostiko horrek hainbat fase ditu eta azken helburua berdintasun-plan bat egitea da.

Prozesu horren baitan, herrian emakumeen eta gizonen berdintasunaren inguruko iritziak eta beharrak identifikatzeko, herritar guztiei galdetegi bat luzatuko die. “Galdetegi honetan bildutako informazioa Getariako berdintasun egoeraren argazkia osatzeko baliagarria izango da, bai eta eragiteko eremu nagusiak bistaratzeko ere”, azaldu dute udaletik.

Galdetegiak etxez etxe banatuko dituzte datorren aste hasieran eta herritarrek eskuz bete ondoren, udaletxeko buzoian ala udaletxean bertan uzteko aukera izango dute. Horrez gain, “online” ere eskuragarri dago galdetegia. Hura betetzeko epea urriaren 8an amaituko da – etxez etxe banatuko diren eskuorrietan irailaren 30a jartzen du, baina epea luzatu egin dute–.