Urola Kostako Udal Elkarteak joan den maiatzean abiatu zuen Nire Aukera Urola Kosta kanpaina. Horren baitan, datorren ostiralean, Plaza bete mezu galdera-erantzunen lehiaketa egingo da Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian. Lourdes Salsamendi Udal Elkarteko lehendakariaren arabera, kaleko-dinamika horren helburua da “eskualdeko ostalaritza eta merkataritza guneetan kontsumoa sustatzea”. Hala, erosketa-bonuen bitartez, 1.800 euro banatuko dituzte lehiaketako irabazleen artean.

Jolasa Kahoot izeneko aplikazioarekin egingo da eskualdeko lau udalerritan eta aldi berean: Getariako Berdura plazan, Orioko Herriko plazan, Zarautzeko Foruen plazan eta Zumaiako E. Gurrutxaga plazan. Lehiaketan, 18 urtetik gorako edonork parte hartu dezake (adin txikikoa bada, heldu batek lagunduta egon beharko du). Baldintza bakarra, 20:00etan, lehiaketa egingo den eremuan telefono mugikorrarekin egotea da.

Parte-hartzaileek Urola Kostako ostalaritza eta merkataritza sektorearekin zerikusia duten 25 galdera erantzun beharko dituzte: galdera bakoitzeko lau erantzun posible izango dira eta erantzun zuzen gehien asmatzen dituen lehiakideak irabaziko du. Salsamendik jakinari duenez, “udalerri bakoitzean hiru sari izango dira: irabazleak 200 €-koa jasoko du, bigarren sailkatuak 150 €-koa eta hirugarrenak, 100 €-koa. Guztiak erosketa-bonuan izango dira, kaleko-ekintzan gurekin bat egin duten 97 establezimenduetan gastatzeko”.

Galdera-erantzunen jolasa Urola Kostako establezimenduen laguntzarekin egingo da. Parte-hartuko duten establezimenduak identifikatzeko, Plaza bete mezu lehiaketa iragartzen duten kartelak jarri dira bertan. Ostirala bitartean, establezimendu horietan, lehiaketan egingo diren galderen erantzun zuzenak eskuratzeko aukera izango da. Erosketa bakoitzeko, txartel bana banatuko dute erantzun zuzenarekin. Zenbat eta txartel gehiago eskuratu, orduan eta aukera gehiago izango da lehiaketa irabazteko. Establezimenduen zerrenda UKUEren webgunean kontsulta daiteke.

Nire Aukera Urola Kosta

Nire Aukera Urola Kosta Urola Kosta eskualdeko ostalaritza eta merkataritza suspertzea eta sektorearen lehiakortasuna areagotzea helburu duen kanpaina da. Orain arte, sektorea balioan jartzeko, ikus-entzunezko hainbat pieza zabaldu dituzte. Horietan, eskualdeko pertsona ezagunen testigantzak bildu dituzte, besteak beste, Elena Irureta aktorearena, Jon Azkue eskubaloi jokalariarena, Izaro Lestayo Getaria Arraun Elkarteko patroiarena edota Julen Olazabal Kirkilla jatetxeko arduradunarena.

Irailaren 24ko kaleko-ekintza bigarren ekimena izango da. Ondoren, beste bideo sorta batekin, establezimenduen jardun ekonomikoaren atzean dagoen ehun sozioekonomikoaren berri emango dute. 21 eguneko erronka batekin, kanpaina urrian amaituko da.

Argazkia: Urola Kostako Udal Elkartea

 

Lotutako albisteak: