Bi kanporaketetan aurrera egitea lortu ostean, Euskal Pentatloiaren laugarren edizioko finalean izango da Joseba Otaegi Getariako bizilaguna. Larunbatean, 22:00etan hasita, Azpeitiko zezen plazan neurtuko ditu indarrak beste bost kirolariren aurka: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Iñaki Errazkin, Aritz Irazabal, Julen Gabirondo eta Kepa Peñagarikano.

Bigarren kanporaketa saioan, Izeta VI.aren atzetik (12’29”), bigarren denbora onena egin zuen Otaegik (13’09”). Getariako bizilagunak iaz ez zuen pentatloian partea hartu, baina duela bi urte txapeldunordea izan zen.

Finalean, kanporaketetan baino lan gogorragoak egin beharko dituzte kirolariek: harria 25 aldiz jaso, giza proban bi plaza osatu, aizkoran hiru kanaerdiko ebaki, txingekin sei plaza osatu eta plazari 30 itzuli eman korrika.

Gizonezkoen lehiaz gain, aurten, lehenengo aldiz, emakumeen txapela ere banatuko du Euskal Pentatloiak. Bertan, Garazi Arruti, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Lucia Orbe arituko dira garaipenaren bila. Horiek harria 15 aldiz jaso, giza proban plaza bat bete, aizkoran 45 ontzako bi enbor moztu, txingekin lau plaza egin, eta plazari hamabost itzuli eman beharko dizkiete korrika.

Argazkia: Urola Kostako Hitza