Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak argitaratutako azken txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala %22,6koa da. Emaitza horiek 2018ko Soldata Egituraren Lau Urteko Inkestatik abiatuta lortu dituzte –huraxe da sexuaren arabera banatutako soldatekin argitaratu den azken inkesta–.

Hala bada, 2018. urtean, gizonezkoen bataz besteko soldata 31.970 eurokoa izan zen; emakumezkoena, berriz, 24.757 eurokoa. Beraz, urtean, emakumezko batek, bataz beste, gizonezko batek baino 7.213 euro gutxiago irabazi zituen. 2015eko datuekin alderatuz gero, soldata-arrakala 1,7 puntu murriztu da. Izan ere, urte hartan %24,3koa izan zen.

Orduko bataz besteko irabaziari dagokionez, EAEko soldata-arrakala %9,55ekoa da. “Soldata-arrakala orduka kalkulatuta, hobeto kontrola daiteke lanordu kopuruak nola eragiten duen ordainsariaren gainean”.

Soldata-arrakalak zerbitzuen sektorean, kualifikazio txikieneko lanbideetan eta kontratazio mugagabeetan du eraginik handiena. Era berean, 35 eta 54 urte arteko eta Espainiatik kanpo jaiotako emakumeak dira kaltetuenak. Espainiar Estatua kontuan hartuta, EAE soldata-arrakalarik handiena duen zazpigarren lurraldea da –2015. urtean baino postu bat gorago kokatu da–. Txikiena, berriz, Asturiasen, Andaluzian eta Aragoin.