Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, Getarian, Zarautzen eta Hondarribian bezala, lehengo urtean baino hondakin gutxiago jaso dira; Orion, Zumaian eta Mutrikun, aldiz, gehiago.

2021eko urtarrilaren 1etik irailaren 15era, 431.657 kilo hondakin bildu dira Gipuzkoako hondartzetan, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta %20 gutxiago. Udako denboraldian, ordea, 213.127 kilo hondakin erregistratu dira; 2020ko udako denboraldian bezala, gutxi gorabehera. Hondakinak %0,5 baino gutxiago murriztu dira, nahiz eta hondartzetako erabiltzaile kopuruaren murrizketa nabarmen handiagoa izan. Hain justu, aurreko urtearekin alderatuta, okupazio-mailak %20 inguruko beherakada izan du.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuaren hitzetan, horren arrazoia, hondartzak, hainbat kasutan, gaueko topagune gisa erabiltzea izan da. Diputatuak azaldu duenez, “pandemia kontrolatzeko irizpideak direla-eta, gaueko aisia-ohituretan izandako aldaketek markatu dute urte hau; ondorioz, datuak irregularrak dira eta ezin dira joera orokor gisa hartu”.

Bestalde, 587 erabiltzaileri Sentsibilizazio Inkesta egin diete eta jasotako datuen arabera, %44ak adierazi du ez duela zaborrik sortzen hondartzan. Bestalde, %62ak ondo edo oso ondo baloratzen du beirarako bosgarren edukiontzia instalatzea, eta %56ak positiboki baloratzen du identifikazio-eranskailuak jartzea. Hondartzan dagoen bitartean zaborra bereizteko ohiturari dagokionez, inkestatutakoen %50ak ez duela egiten frakzioen araberako bereizketarik hondartzan adierazi du; horietatik %27ak errefusetan uzten du guztia, eta gainerakoek eskura duten lehenengoan.