Ostiralean positibo bat zenbatu zuen Osakidetzak herrian; huraxe izan da azken 14 egunetan atzemandako positibo bakarra. Hala, momentuz, 35,34an kokatu da intzidentzia-tasa.

Euskal Autonomia Erkidegoan, atzo jaso ziren asteburuko daturik onenak. Izan ere, 4.195 PCR eta antigeno probetatik 75 positibo atzeman zituzten; alegia, positibo-tasa %1,8koa izan da. Ostiralean, positibo-tasa %2,6koa izan zen eta larunbatean, %2,5ekoa. Hala, intzidentzia-tasa 90etik behera, 89,10ean, geratu da.

Atzo, COVIDa dela-eta, 11 pertsona erietxeratu zituzten. Gaur-gaurkoz, 83 pertsona daude gela arruntetan, bezperan baino bi gehiago; ZIUetan, berriz, 41, aurreko egunean baino bat gehiago.