Getarian bizi diren adinekoen errealitatea ezagutzeko asmoz, datozen egunetan, ikerketa bat jarriko du martxan Getariako Udalak. Hala, “beraien bizi baldintzak ezagutzeko eta udalak dituen laguntza desberdinetara bideratzeko”, 70 urtetik gorako herritarrengana joko du.

Datorren hilean, urrian, hasi eta abendua bitartean, adineko herritar horiei aurrez aurreko elkarrizketak egingo dizkiete. Elkarrizketa horiek egiteaz Maddalen Iraola, Gizarte Zerbitzuetako langilea, arduratuko da.

Udaletik azaldu dutenez, “egitasmoaren berri emanez, 70 urtetik gorako herritarrek jaso dute, dagoeneko, eskutitz bat. Bertan, ikerketan parte hartzera gonbidatu zaie”. Orain, Iraolaren txanda izango da eta elkarrizketako hitzordua zehazteko, adin talde horretako getariarrekin jarriko da harremanetan, telefonoz. Ondoren, herritar horien etxeetara joango da behar bezala akreditatuta, elkarrizketa egitera. Hala ere, udaletik jakinarazi dute “galdetegia Gizarte Zerbitzuetan bertan bete nahi duenari horretarako aukera ere emango zaio”.

 

Argazkia: Getariako Udala.