Argindarraren prezio neurrigabeak direla eta Getariako EH Bilduk “Deskonektatu elektriketatik!” mozioa aurkeztu du.

Gaurko osoko bilkuran eztabaidatuko da.

Argindarraren prezioa maximo historikoetan; fakturak igotzen; enpresa elektrikoak aberasten, herritarrak pobretzen eta Espainiako Gobernua hori baimentzen. Hori da, hain zuzen ere, herritarren aurka egiten ari den iruzur handiaren laburpena. Iruzur horrek ondorio larriak izan ditu familietan, enpresa txiki eta ertainetan edo denda txikietan. Gobernuek, politikariek, elektrikoek eta guztiek partekatzen dituzten interes ekonomikoek sortutako eta baimendutako iruzurra.

Hau dela eta getariako EH Bilduk “Deskonektatu elektriketatik” mozioa aurkeztu du gaur arratsaldean 19:00retan izango den osoko bilkuran eztabaidatzeko.

Bertan 4 puntuko adierazpena proposatu ditugu plenoaren onarpenerako:

1. Espainiar estatuko enpresa elektrikoak argindarraren prezioarekin egiten ari diren iruzur larri salatzen du

2. Euskal Herriak subiranotasun energetikoa behar du, espainiar estatuan ezarritako oligopolioa apurtuko duten sistema propioak behar ditugu, sistema bidezkoak publikotik eraikitzeko eta argindarra oinarrizko ondasun eta eskubide gisa errespetatzeko.

3. Eusko Jaurlaritza interpelatzen dugu, lankidetza publiko-komunitarioa, deszentralizatua eta kontrol publikoa bermatuko dituen neurri zehatzak har ditzala presazko izaerarekin.

4. Getariako Udalak urriaren 8an, 22:00tatik 22:30etara deitutako itzalaldi masibo eta kazola-jotzeko deialdiarekin bat egiten du.