Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza- eta zerbitzu-sektoreko establezimenduek gaurtik aurrera eman dezakete izena Euskadi Bono-Denda ekimenean. Izena-emateko epea urriaren 19an amaituko da; programaren inguruko xehetasun gehiago esteka honetan aurki daitezke.

Parte hartuko duten establezimenduen behin betiko zerrenda osatu ostean, deskontu-bonuak trukatzeko bi aldi egongo dira: “Lehenengoa, programa indarrean jartzen den egunean hasi eta 2021eko abenduaren 5ean amaituko da, eta bigarrena, 2022ko urtarrilaren 10ean hasi eta 2022ko martxoaren 31n amaituko da”.

Euskadi Bono-Denda ekimenaren bidez, hamar euroko deskontu-txartelak banatuko dira. Hala, programara atxikitako establezimenduetan, gutxienez, 30 euroko erosketa egiten dutenek hamar euroko beherapena eskuratu ahal izango dute.

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren hamasei urtetik gorako herritarrek eskuratu ahal izango dituzte deskontu-txartelak. Pertsona bakoitzak, gehienez, bost txartel batu ahal izango ditu, berrogeita hamar euroko balioarekin. Deskontu-bonu horiek establezimendu batean baino gehiagotan edo bakar batean erabili ahal izango dira.

4.650.000 eurorekin, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak finantzatuko du programa. EAEko hiru lurralde historikoetan zehar, guztira, 465.000 bonu banatuko dituzte.