Salbatore jai batzuetan erein zituen bere lehen haziak Onlifly taldeak. Xabier Irigoien taldeko bateria-jotzaileak ARTZAPEri azaldu dionez, “2019an, kafe torero batean, festetako bertsio batzuk egiteko elkartu ginen lehenengo aldiz”. Bertsioak egitetik abesti propioak egitera igaro da talde getariarra; orain, beste salto bat emanez, 11 kantuz osatutako Go to Hell diskoa kaleratu du.

Gaur-gaurkoz, Xabier Irigoienek (bateria), Mikel Agirrek (ahotsa), Iosu Rezolak (baxua), Aitor Garmendiak (gitarra) eta Aratz Perezek (2. gitarra) osatzen dute taldea eta sortzen duten musika hardcore melodikoaren eta skate-punkaren artean kokatzen dute. Irigoienen hitzetan, emaitzarekin “gustura” daude eta jendeari ere gustatuko zaiola uste du: “Entzungarria eta gustagarria da. Gainera, grabazioak kalitate ona dauka”.

Donostiako Corsarios estudioan grabatu dute euren lehen lana. Abesti gehienak ingelesez sortu dituzte, baina euskarazkoak ere badaude; hurrenez hurren, zortzi eta hiru. Ingelesez sortzearen arrazoia, “erreferente gehienak ingelesezkoak” izatea izan dela aitortu du Irigoienek, baina “konturatu gara kanta gehiegi egin ditugula ingelesez eta etorkizunean gehiago egiten baditugu, asmoa euskaraz egitea da”.

Diskoan “egunerokotasuneko gaiak” landu dituzte: “Insomnioa, alkohola, depresioa, lantokia, ludopatia, kristautasunari kritika…”. Taldekideak, dagoeneko hasi dira entzuleen iritziak jasotzen eta 90eko hamarkadako punk-rock zaletuek “zorionak eta eskerrak” eman dizkietela dio Irigoienek: “Esan digute ez zutela aspaldi horrelakorik entzun”. Bateria-jotzaileak nabarmendu du “punk-rocka hilda” dagoela eta “kanta fresko eta nostalgikoez osatutako disko honekin, bide berriak ireki nahi” dituztela.

Go to Hell, euskaraz joan infernura, kantuak ematen dio izena diskoari. “Onak eta zintzoak bagara zerura joan eta bertan bizitza ona edukiko dugula esaten digute. Baina zergatik da hori horrela? Zer dauka txarra infernuak? Abesti horretan adierazten duguna da infernua ederki dagoela eta guk oso ondo pasatzen dugula bertan”, adierazi du Irigoienek.

Dagoeneko, diskoa erosgai dago: “Gure sare sozialen bitartez, taldekoren batekin harremanetan jarrita edota Katraponako kantinan erosi daiteke, sei euroren truke”. YouTube, Spotify eta Bandcamp atarietan ere, disko osoa jarri dute entzungai. Aurrerago, biniloak eta kamisetak salgai jarriko dituzte.

Aurkezpen kontzertua

Diskoa aurkezteko, datorren larunbatean, urriaren 9an, kontzertua emango dute Getariako Gaztetxean. 22:30ean hasita, Comic Sans talde donostiarra izango da oholtzara igotzen lehena. Horien atzetik, talde getariarrak hartuko dio txanda eta euren disko berriko abestiak joko dituzte.

Lehenengoaren ostean, kontzertu gehiago emateko asmoa du Onliflyek. Irigoeinek baieztatu duenez, “kontzertu batzuk erdi itxita dauzkagu”.

Argazkia: Onlifly

 

Lotutako albisteak: