Enplegu eta Orientazio Zerbitzuaren eskutik eta Konpetentzien Eskola zerbitzuaren baitan, EMA+Indartzen prestakuntza ekimena abiarazi du Urola Kostako Udal Elkarteak. Eskualdeko emakumeei bideratutako programa da; ahaldundu daitezen eta, batez ere, lan-munduari begira gaitu eta bidea egin dezaten. Eskualdeko adin ezberdinetako emakumeei zuzendutako programa da; bereziki, laneratzeko zailtasunak dituztenentzat eta programa baliabide digitalen bitartez egiteko autonomia eta aukera dutenentzat dago bideratuta.

Urriaren 29a arte egongo da zabalik izen-ematea. Izena emateko orria eskura dago Udal Elkartearen egoitza elektronikoan. Edozein kasutan, tramitazio elektronikoa egin ezin dutenek egoitza elektronikoan dokumentua deskargatu, bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu dezakete. 

40 orduko prestakuntza

Programa lau orduko hamar saiotan dago banatuta. Ikastaroak bi aste iraungo ditu, azaroaren 17tik 30era, eta saio guztiak goizez, 09:30etik 13:30era, Udal Elkartearen egoitzan nahiz digitalki egingo dira. Beraz, parte hartzen dutenek saioetara digitalki konektatzeko aukera izango dute. Taldekako prestakuntzaz gain, partaide guztiek bakarkako hiru coaching saio jasoko dituzte.

Azaroaren 5ean, 09:30etik 11:30era egingo da ekimenaren hasiera-ekitaldia. Bertan, programaren xehetasun guztiak azaltzeaz gain, partaide bakoitzarekin bakarkako saioen egutegia adostuko da.

Bestalde, ekimenaren inguruko xehetasunak eman asmoz, Udal Elkarteak informazio-saioa antolatu du. Bilkura urriaren 14an, ostegunean, Gotomeeting plataformaren bidez, online egingo da. Informazio saioan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta.

Argazkia: EITB