Aurtengoa, Zumaia Flysch Trail lasterketaren hamabigarren edizioa izan da. Korrikalariek maratoia (42,8 km) edo maratoi erdia (22,2 km) egin zezaketen; izan ere, bi modalitate horiek daude aukeran. Aurtengoan, guztira, 700 korrikalarik hartu dute parte eta antolakuntzatik emakumeen parte hartzea azpimarratu dute: “Parte hartzaile guztien %35a emakumezkoa izan da; azken edizioan, duela hiru urte, %15ekoa izan zen”.

Inguruko herrietako nahiz beste lurralde batzuetako kirolariak izan ziren bertan; tartean, baita getariarrek ere. Maratoian, getariar bakarrak parte hartu zuen: Egoitz Mateos de la Hozek. Ibilbidea egiteko 6:50:14eko denbora behar izan zuen eta 29. postuan amaitu zuen lasterketa.

Maratoi erdian getariar gehiago irten zen korrika: zortzi gizonezko eta hiru emakumezko. Gizonezkoen artean, 32. postua lortuz, Jon Urrestik egin zuen denborarik onena (1:54:18). Bere atzetik, hurrenez hurren, ondorengoak izan ziren helmugara iristen hurrengoak: Iker Etxabe (1:57:22), Xabier Etxaniz (2:00:57), Jon Etxegoien (2:01:18), Andima Iribar (2:03:45), Garikoitz Manterola (2:14:56), Gorka Gonzalez (2:39:40) eta Xabier Chueca (2:44:24). Emakumezkoen artean, sailkapeneko 26. lekua eskuratuta, Saioa Martinez de Lahidalga izan zen getariar bizkorrena (2:23:32); ondoren, ia denbora berdina eginez iritsi ziren helmugara Nerea Arregi (2:54:23) eta Ainhoa Sistiaga (2:54:35).

Argazkia: Zumaia Flysch Trail