Atzo bildu zen LABIren Aholku Batzordea eta Bizi Berri IV planaren lehengo mailan ezarritako adierazleak bete direla ikusita, 2020ko abuztuaz geroztik indarrean zegoen osasun larrialdi egoera amaitutzat ematea erabaki du. Bilkuraren ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu zuenez, “etapa berri bati ekingo diogu, Euskadi suspertzeko unea da”.

Osasun larrialdiko egoera indargabetuko duen dekretua bihar, osteguna, sartuko da indarrean. Hala, bihartik aurrera, koronabirusari aurre egiteko ezarrita zeuden neurri murriztaile gehienak bertan behera geratuko dira. Jarduera desberdinei ezarritako ordutegiak eta edukiera nahiz talde bilkurei ezarritako mugak desagertu egingo dira.

Hala ere, zenbait neurri mantenduko dira; hala nola, eremu itxietan egiten diren 5.000 lagunetik gorako ekitaldietan %80eko edukiera muga errespetatu beharko da. Era berean, maskara derrigorrezkoa izango da leku itxietan eta pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia mantendu ezin den lekuetan. Osasun larrialdi egoera bertan behera utzita, baliogabe geratuko dira neurri murriztaileak ezartzeko indarrean ziren agindu eta dekretu guztiak, eta baita LABI bera ere. Aurrerantzean, pandemiari lotutako neurriak eta “zaintza fasea” Osasun Sailak kudeatuko ditu, Espainiako Gobernuarekin koordinatuta.

Bestalde, atzoko agerraldian, azken urte eta erdian aholku batzordean eta mahai teknikoan parte hartu dutenei aitortza egin zien lehendakariak. Horrez gain, koronabirusaren ondorioz hil diren pertsonak eta haien senitartekoak izan zituen gogoan. Era berean, osasun sistemako langile guztiei eta neurri murriztaileek gehien kaltetutako sektoreei eskerrak eman zizkien.

Getarian kutsatu bat azken 24 ordutan

Osasun Sailaren azken txostenaren arabera, COVID-19 kasu bat atzeman du Osakidetzak Getarian. Azken hamalau egunetan bi izan dira identifikatutako kutsatuak. Ondorioz, intzidentzia-tasak apur bat gora egin du eta 70,67an kokatu da.

Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban 5.922 PCR eta antigeno proba egin eta 99 positibo zenbatu dituzte. Positibo tasa %1,7koa izan da, bezperakoaren berdina. Intzidentzia-tasari dagokionez, aurreko egunarekin alderatuta, apur bat behera egin: 62,05etik 60,64ra.

Zainketa Intentsiboetako Unitateetan gaixo kopuruak behera egin du eta gaur-gaurkoz, 32 pertsona daude bertan koronabirusak jota. Atzo, bederatzi lagun erietxeratu zituzten eta guztira, 47 pertsona daude gela arruntetan.

Argazkia: Eusko Jaurlaritza