LABIk hartutako azken neurriei jarraiki, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurrez aurreko eskolak antolatzeko protokolo berria bidali die ikastetxeei. Astelehenetik aurrera sartuko da indarrean, nahiz eta orokorrean, aldaketa gehiegi ez egon.

Lehen Hezkuntzako ikasleek patioan ere maskara erabiltzen jarraitu beharko dute. Orain arte bezala, une oro jantzita eduki beharko dute, hamaiketakoa egiten ari diren momentuan izan ezik. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek, ordea, aire zabalean eta metro eta erdiko distantzian badaude, maskara kentzeko aukera izango dute. Era berean, eurentzat maskara ez da beharrezkoa izango kanpoaldean “jarduera fisiko bizia” egiten, jaten edota edaten ari direnean.

Lehen Hezkuntzan, “burbuila taldeetan” egongo da aldaketa nagusia. Ikasgelan daudenean, mantendu egin beharko dituzte; aire zabalean, ordea, maila bereko ikasleen artean harremanak edukitzea baimendu dute. Orain arte, soilik, burbuilako kideekin elkar zitezkeen. Ikasturte hasierarekin batera, ikasgeletan lau edo bost ikasleko taldeak osatzeko, kideen artean distantziarik eduki gabe, baimena eman zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain arte, taldeen artean metro eta erdiko tartea mantendu behar zuten; astelehenetik aurrera, 1,2 metroko distantzia eduki beharko dute talde batetik bestera.

Bestalde, koronabirusaren aurkako neurriak hartuta, familien eta irakasleen arteko bilera guztiak aurrez aurre egingo dira.