Getariako Udala hasi da 2022ko aurrekontuak lantzen eta aurten ere herritarrek proposamenak eta iritziak emateko aukera izango dute. Udaletik jakinarazi dutenez, asmoa da “azaroko osoko bilkuran, aurrekontuei behin-behineko onarpena ematea”.

Joan den ostegunean, Iturzaeta Herri eskolako LH3ko haurrak udaletxera joan ziren. Udalbatzar Aretoan Haritz Alberdi alkatearekin bildu eta euren proposamenak azaldu zizkioten. Datorren asteazkenean eta ostegunean, auzotarrek izango dute udalari euren iritzia adierazteko aukera. Asteazkenean, 20:00etatik aurrera, Miako Elkartean; ostegunean, ordu berean, Askizuko Elkartean.

Aurrerago, online zabalduko den galdetegi baten bitartez, gainerako herritarrek ere aurrekontuetan euren ekarpenak egiteko aukera izango dute.