Egina geneukan hitzordua. “Datorren urtearen hasieran deitu”; hala agindu zenigun. Ordurako lana ere bagenuen, nola ez, hizkuntzari lotua: adi egon behar genuen eta “bestelako” hitza entzutean, gogoan hartu. Izan ere, garai bateko hitzak gero eta gutxiago erabiltzen zirela aipatu zenigun ustekabean luzatzen zitzaizkigun (eta are luzeago izan zitezkeen) hizketaldi haietako batean. “Duela urte batzuk, adibidez, halako eta bestelako erabili ohi ziren; gaur, aldiz, dena da desberdin, ezberdin eta diferente, baita komunikabideetan ere”, esan zenigun.

Euskararen bitxikeria zenbait azaldu zenizkigun. Erredakzioan sarri gogoratzen gara “auskalo” hitzaren jatorria (gaztelaniazko, a buscarlo) zugandik ezagutu genuela, baita oraindik aztertzen ari zinen hitzen baten jatorriak jakin-mina sortu zigula ere. Zure ikasleei proposatutako ariketa batekin etorri zinen behin gugana, eta, euskalkietako esaldiak geurera ekartzen, barre algarak egin genituen. Eskerrak batzuk itzultzen lagundu zenigun… Egun hartan, ariketarekin batera, Karrantzako galletak ekarri zenizkigun txamarra handian sartuta; erabateko getariarra zinen baina sustatu zenituen Bizkaiko hainbat eremu ere.

Bulegotik alde egindako bakoitzean, irribarre egin eta zuk esandako esaldiren bat azpimarratzen genuen; gauzak kontatu eta iritzia emateko zenuen sanidadea atsegin dugu. Hala bota zenigun urte hasieran egin genizun elkarrizketan, Euskaltzaindian nola sartu zinen galdetu genizunean: “Ni sartu, sartu… sartu egin ninduten”. Andres Urrutiak dei egin omen zizun, bere ustetan, lan egiten duenari eskertza zor zaiola esanez.

Estimuan denari ere zor zaiola aitortza uste dugu, Kaxildo, beranduegi heldu bagara ere. Jada ezingo dizkizugu entzundako “bestelakoak” zenbatu, baina gure kontaketetan gogoan izango ditugu.

 

Lotutako albisteak: