Egungo eta etorkizuneko Elkanoren Lehorreratzearen inguruko iritziak jasotzeko, Getariako Udalak parte-hartze prozesu bat jarri du martxan. Lehengo ostegunean, herriko gazteekin egin zen lehenengo saioa; ekintzaileekin gaur arratsaldean zen egitekoa, baina izen-ematerik ez denez egon, bertan behera geratu da.

Datorren asteazkeneko saiora emakumeak daude deituta eta udaletik baieztatu dutenez, “emakumeen taldeak eta nerabeenak aurrera jarraitzen dute”. Interesatuek izena eman behar dute 943 140 957 telefono zenbakira deituta edo elkano500@getaria.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.

Prometea aholkularitza taldea ari da kudeatzen parte-hartze prozesua. Ekimenaren aurkezpenean bertako teknikarietako batek azaldu bezala, hiru galdera izango ditu oinarri herri elkarrizketak: “Gaur, nola bizi dugu getariarrok Elkanoren lehorreratze ekitaldia?; Etorkizunean, hamaika –edo ehun– urte barru, nola irudikatzen dugu Elkanoren lehorreratze ekitaldia? Nola gustatuko litzaiguke izatea?; eta 2022. urteko ekitaldian, zer planteatuko dugu? Bide berriren bat irekiko ote dugu?”.

“Alde ilunak” azaleratzeko nahia

Lehengo asteko bileran, parte-hartzea murritza izan zen; izan ere, herriko bost gazte bakarrik azaldu ziren. Hala ere, Prometea aholkularitza taldeko teknikarien arabera, saioa “emankorra” izan zen. Partaideek aurretik aipatutako galdera horien inguruan hausnartu zuten. Era berean, euren kezkak nahiz zalantzak adierazi zituzten, eta lehorreratzeko zenbait elementu bere horretan uzteko eta beste batzuk aldatzeko nahia azaldu zuten.

Elkanoren Lehorreratzea bere “alde ilunekin eta argiekin kontatu” behar dela proposatu zuten partehartzaileek. Urteetan modu “perfektuan” kontatutako istorioari hain ederrak ez diren elementuak gehitzeko nahia adierazi zuten.

 

Lotutako albisteak: